Xabier Izaga Irakaslea
Euskaldunek nahi dutena, hil edo bizikoa
Zer ote dio iritzi publiko espainolak bere presidentea Etxe Zurian palestinarren eta israeldarren arteko gatazka konpontzearen alde hitz egiten ari zen bitartean ezker abertzaleko kideen aurka egin zuten operazio politiko-judizialaz? Irratia, telebista eta egunkariek diotena. Hori da-eta iritzi publikoa. Zalantzarik gabe, herritar prestu gehienek begi onez ikusi dute hemengo gatazka konpontzeko gogotik lanean ari zirenen atxiloketa, «terrorismoaren kontra» egiten den guztia ona baita. Egiten duten guztia, oinarrizko eskubide demokratikoak ukatu eta urratuz bada ere, demokraziaren izenean egina baita (nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar frankismoan Gobernuak egiten zuen guztia -diktaduraren izenean eginda- ere begi onez ikusten zutela).
Hori da iritzi publikoa, herritarrek hedabideetatik jasotzen dutena bere egitea. Herritarrak informazioa jaso eta informazio hori aztertuta iritzi bat eratu beharrean, askoz erosoagoa da, inondik ere, iritzia eratua jasotzea. «Piratak»? Egurra. Amore eman, inondik inora ez. Bahituak hiltzen badituzte, heroi bilakatu, eta hilondoko dominak emango dizkiegu. «Terroristak»? Egurra. Ez dutela indarkeriarik erabili? Haien deliturik larriena duela hiru urte bake proposamen bat aurkeztea izan zela? Berdin dio, Espainia zatitu nahi dute, eta hori bai larria, eta are larriagoa, horrelako milaka terrorista daudela. Egurra, egurra eta egurra. To hausnarketa.
Antza denez, Estatuak presa handia zuen lagun horiek atxilotzeko. Operazioa aurreratu egin zutela ziurtatu zuten zenbait hedabidek. Hil edo biziko kontua zuela ematen zuen, berehalako ekintza armatu bat saihestu behar izan balu bezala. Eta, egia esateko, hil edo biziko kontua zuen, eta du, Estatuak, bere gorputzeko zati bat galtzen ari dela ikusita; horregatik, hitzetik hortzera «euskaldunek nahi dutena» ahotan darabiltenek hil edo bizikoa dute euskaldunek nahi dutena saihestea. Hil edo biziko kontua du Estatuak... eta euskal herritarrok. Estatu horren zati izan edo ez. Ez izan edo izan, alegia. Horixe dugu jokoan.