Begoña Agirre eta Arantza Urkaregi (*) Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldearen izenean
Pobreziari aurre egiteko borondate politikoa behar da
Askotan entzun dugu irratiko iragarki hau: «Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunak pertsonak dira». Ez dute lotsarik! Pobreziari aurre egiteko, gastu sozialean erabilitako diruak askoz gehiago izan behar du. Eskaera gehiago egoteaz gain, egungo oinarrizko errenta pobreziaren mugaren azpitik dago
Datorren ostiralean, urriak 17, Pobreziaren aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Segur aski, egun horretan, erakunde publikoek, tartean Bizkaiko Foru Aldundiak, pobreziaren aurkako adierazpen ugari egingo dituzte. Baina pobrezia ez da desagertzen adierazpenen bidez, eta pobreziari aurre egitea ez da egun bateko kontua.
Pobrezia ez da hirugarren munduko arazoa. Gure gizartean, hain aurreratua den herri honetan, gero eta pobre gehiago dago, gero eta handiagoa da aberatsen eta pobreen arteko arraila.
EUSTATek 2008an pobreziari buruz egindako inkestaren datuen arabera, pobrezia-poltsarik handienak Bilbon eta ezkerraldean metatzen dira. 2004ko datuekin alderatuta, gora egin du pobrezia tasak, eta kontuan hartu behar dugu inkesta hori egin zenean krisialdiaren hasiera besterik ez zela sumatzen.
Langabezia gorantz doa eta Bizkaiko langabezia-tasa Autonomia Erkidegokoa baino handiagoa da; CARITASek emandako datuen arabera, 2009ko lehenengo hiruhilekoan, Bizkaian egindako gizarte-laguntza eskaerak %40 handitu dira... eta horrela jarrai dezakegu krisiaren eraginak aipatzen.
Eta horren aurrean, zer egiten du Bizkaiko Foru Aldundiak? Gizarte Ekintza Sailak, programa bat dauka, Bazterketaren Aurka izenekoa, 220,4 milioi euroko aurrekontua duena. Baina aurrekontu horren gehiengoa (ia 180 milioi) Eusko Jaurlaritzak jartzen du Oinarrizko Errenta ordaintzeko. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak 40,5 milioi besterik ez ditu jartzen bazterketa sozialari aurre egiteko. Askotan entzun dugu irratiko iragarki hau: «Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunak pertsonak dira». Ez dute lotsarik! Badakizue zenbat diru gastatuko duen Bizkaiko Foru Aldundiak proposatu berri duen Errepideen Plana egiteko? 3.753,12 milioi 2011-2018 epean, hau da, 470 milioi euro urteko. Bazterketa sozialari aurre egiteko erabiltzen duena baino ia 12 aldiz gehiago! Argi dago dirua egon badagoela, baina ez dago borondate politikorik diru hori bideratzeko bizkaitar guztiek pobreziaren muga gaindi dezaten baliabideak jartzera.
Orain dela sei hilabete, Ezker Abertzaleko batzarkideok proposamen bat aurkeztu genuen, Bizkaiko pobreziaren mapa egin, eta horren arabera, eta gizarte-taldeen parte-hartzearekin Pobreziaren Aurkako Plan Integrala burutzeko. Esan bezala, sei hilabete igaro dira proposamena egin genuenetik, eta epe honetan pobrezia-egoerak biderkatu dira, baina hori bost axola zaie EAJ, PSE eta PPkoei. Guztiek ezetza eman zioten pasa den astean gure proposamenari. Beste behin ere, Bizkaiko Foru Aldundiak bizkarra eman die pobrezia pairatzen duten milaka eta milaka bizkaitarrei.
Ezetza emateko aitzakia ederra bilatu zuten: Eusko Jaurlaritza prestatzen ari dela horrelako plangintza. Baina ez al da EAJ Foru Erakundeen eskumenak defendatzen dituena? Dirudienez, konpromisoak eskatzen dizkiogunean, eskumen hori Eusko Jaurlaritzaren eskuetan uztea nahiago du. Eta ezagutzen dugu Eusko Jaurlaritzak proposatu berri duena: oinarrizko errenta kobratzen duenari sei hilabeteko kontratua eskaini. Horrela 7.000 lanpostu sortuko dituztela diote! Hori ez da enplegua sortzea, baizik eta lan prekarioa eta behin-behinekoa bultzatzea.
Egun, Eusko Jaurlaritzak gastu sozialean inbertitzen duena (BPGren portzentajean neurtuta) Europako txikienetarikoa da. Pobreziari aurre egiteko, gastu sozialean erabilitako diruak askoz gehiago izan behar du. Eskaera gehiago egoteaz gain, egungo oinarrizko errenta pobreziaren mugaren azpitik dago. Benetan muga hori gainditzeko, oinarrizko errentak, hilabeteko, gutxienez 1.080 eurokoa izan behar du, 18 urtetik gorakoei zabaldu behar zaie, gizarte-laguntzak jasotzeko itxaronaldia murriztu behar da, alokairu sozialeko etxebizitzak behar dira... Eta neurri hauek guztiek dirua eskatzen dute, aurrekontuak beste era batera banatu behar dira, gastu sozialei lehentasuna emanez, eta ez errepideei edo azpiegitura erraldoiei.
Argi dago pobreziari aurre egin ahal izateko, egungo eredu sozioekonomikoa aldatu beharko dugula: fiskalitatetik hasita, kontsumo-ereduraino. Bitartean, lanean jarraituko dugu krisiaren ondorioak jasaten dituztenen egoera hobetzeko eta krisia sortu dutenak izan daitezen horren ondorioak ordaintzen dituztenak. Eta Bizkaiko Foru Aldundiari eta beste erakundeei exijituko diegu enpresarien alde jo baino, herritar xumeen aldeko neurri eraginkorrak har ditzaten.
(*) Begoñe Agirrez eta Arantza Urkaregiz gain, Oihana Estibez, Txarli Gonzalez eta Ana Mezok sinatzen dute.