Alfabetatzean parte hartzen duten garuneko eremuak ikertu dituzte
Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language taldeko zuzendari zientifikoak gidatu duen ikerketa «Nature» aldizkarian argitaratu da. Egindako aurkikuntzek, ikasketa prozesuan arazoak dituzten pertsonei lagunduko die luzera adierazi dute ikerlariek.
Maider EIZMENDI
Donostiako Ikerbasqueren Basque Center on Cognition, Brain and Language zentroko zuzendari zientifiko Manuel Carreirasek gidatutako ikerketak alfabetatzean parte hartzen duten garuneko eremuak identifikatzea lortu du. Ikerketa atzo argitaratu zen «Nature» aldizkari zientifiko entzutetsuan.
Carreiras, neurozientzia eta lengoaia arloan ospe handia duen ikerlaria, Chicagon zegoen atzo bidaian, baina GARAren galderei erantzunez, onartu du ikerketa laburbiltzen duen artikulua «Nature» aldizkarian argitaratu izanak adierazten duela «ez bakarrik informazio zorrotza eta baliotsua duela, baizik eta gainera zientziarentzat interesekoa dela».
Ikerketa taldeak -Carreirasekin batera parte hartu dute Mohamed L. Seghierrek, Silvia Baquerok, Adelina Estevezek, Alfonso Lozanok, Joseph T. Devlinek eta Cathy J. Pricek- idazten eta irakurtzen ikasten ari ziren Kolonbiako gerrilari ohien garunak aztertu ditu. Lagin moduan, alde batetik, alfabetatze programa batean parte hartutako 20 gerrillari ohien garunak aztertu zituzten erresonantzia magnetikoen bitartez, eta bestetik, irakurtzen eta idazten ez zekiten beste 22 pertsonen garunak.
Carreirasek gogora ekarri du zaila izan dela orain artean alfabetatze prozesuan dagoen garunaren aldaketak aztertzea; izan ere, gaitasun hauek haurtzaroan hartzen dira, garunean beste aldaketa asko gertatzen diren garaian, hain zuzen ere.
Egindako analisien arabera, irakurtzen ikasitako pertsonen artean prozesamendua gertatzen den eremuaren, substantzia grisaren, dentsitatea handiagoa zen garuneko hemisferio bietako hainbat eremutan. Eremu horiek hizkiak ezagutzeaz, hizkei soinua egokitzeaz eta hitzen esanahiak eskuratzeaz arduratzen dira. Irakurketak substantzia zuriaren dentsitatea ere handitu zuen, eta eremu hauetako konexioen indarra.
Nabarmentzekoa izan da konexio horiek «zirkunboluzio angeluar» gisa ezagutzen den garuneko eremura eta eremutik egiten direla jakitea. Carreirasek azaldu duen moduan, «orain 150 urte baino gehiagotik dakite ikerlariek eremu hau garrantzitsua dela irakurketarako, baina ikerketa honek erakutsi du irakurketa prozesuan duen zeresana ez dela ondo ulertu izan».
Haren esanetan, pentsatu izan da «zirkunboluzio angeluarrak» hitzen formak bereizten zituela, horiek soinu eta esanahien eremura sartu aurretik. «Guk frogatu dugu, ordea, bere funtzioaren izaera iragarlea dela, esanahiaren bidez hizkiak aurreratuz, mugikorretako mezuetako testuetan letrak aurreratzeko funtzio iragarlearen antzera», azaldu du neurozientzien zentroko zuzendari zientifikoak.
Ikerketa honek izango duen aplikazioaren gainean, Carreirasek gogora ekarri du, «minbiziaren ikerketetan geratzen den pare», denbora asko pasatzen dela aurkikuntza bat egin, proba klinikoak burutu eta gaixoei aplikatu ahal zaizkien medikamentu edota terapia bilatu bitartean. Hala ere, nabarmendu du egin diren aurkikuntzek lagungarri izan litezkeela «ikasketa prozesuan arazoak dituzten pertsonei», besteak beste dislexia arazoak dituztenei. «Baina epe luzean izango da», nabarmendu du berriz ere.
«Nature» aldizkarian argitaratu izanak adierazten du «ez bakarrik informazio zorrotza eta baliotsua duela, baizik eta gainera zientziarentzat interesekoa dela», onartu du Carreirasek.