Asobal Liga
Arratek Ipuruatik kanpo erakusten ari den maila eman nahi du Granollersen
GARA | EIBAR
Granollersen oro har nahiko emaitza onak lortu izan ditu Arratek. Egia esan, Ipuruan baino maila hobea erakusten ari da talde eibartarra bere pabiloitik kanpo. Liga hasi denez geroztik, partida bakar bat ere ez du galdu etxetik kanpo. Etxean, aldiz, pare bat porrot jasan ditu dagoeneko; azkena Ciudad Real boteretsuaren aurka.
Bada, gaur gauean, 20.45ean hasita, inertzia on horri eusten saiatuko da Julian Ruizek zuzendu taldea. Eibartik kanpo jokatu dituen bi neurketetan garaipen bat -Cangas del Morrazoren aurka- eta bi berdinketa -Logroño eta Alcobendasen kantxetan- erdietsi ditu. Aurkaria gainera memento txarrean dago, liga sailkapeneko azkenaurreko postuan, alegia. Aukera ezin hobea, bada, Ipuruatik hanka egin duten puntuak berreskuratzeko.
Redei jokatu ezinik
Gaur gaueko neurketari begira ez da apur bat ere fidatzen Julian Ruiz, are gutxiago Istvan Redei hungariarra jokatu ezinik dagoela kontuan hartuta.
«Granollers arrisku bizian dago eta, beraz, kontuz ibili beharko dugu beren aurka. Punturik urratzen nahikoa lan izanen dugu», aitortu zuen.
Eibartarren entrenatzailearen buruhauste nagusia da Redeiren ordez eskuineko hegalean nork jokatuko ote duen. Itxuraz, Marc Garciak, Viktor Harsanyik edota Sergio Berriosek bete lezakete haren hutsunea.
Dalibor Cutura eta Tim Tokic, aldiz, jokatzeko prest daude, tripetako arazoak gainditu ostean. Gorka Garate pibota Redeiren ordez sartu da deialdian.