Xabi Aburruzaga «Denboraren naufrago» dabil batetik bestera, soinu txikia lagun
Portugaleteko trikitilari gazteak «Denboraren naufrago» bigarren lana plazaratu du Elkar argitaletxean, folk doinuetan disko eklektikoa oso. Soinu txikia molde tradizionaletatik harantzago eraman eta trikiti aireak berritzen saiatu da, estilo propioa garatzeko ahaleginean. Diskoan instrumentalak ditu kanturik gehienak, bakoitza leku zehatz batek iradokitakoa, eta hobeto ulertzeko Igor Zorrozuaren irudi eta Kirmen Uriberen testuekin azaldua.
Anartz BILBAO | BILBO
2007an «Bizkaiko trikitixa» izenekoa aurkeztu ostean, honakoa da Xabi Aburruzaga bizkaitarraren bigarren lana, Elkar-en emana.
Azken urteetako lanen emaitza da «Denboraren naufrago», eta harekin «gustura» agertu zen atzo trikitilari gaztea, taldekideak ondoan zituela. «Estilo propioa» garatu nahian, trikitixa ohiko dituen doinuetatik harantzago eraman nahi izan du portugaletetarrak, eta lagun andana gonbidatu bere ondoan jotzera, zuzenekoan duen zazpi laguneko taldeari makina bat musikari gehituta.
Guztien artean lan jostaria osatu dute, hamabi aire ezberdin batuz, Iñaki Aurrekoetxearen hitzekin landutako bi ezik -«Ezkontza behartua» eta «Denboraren naufrago»-, instrumentalak denak.
Alta, kantu bakoitza kokagune batean jarri du Aburruzagak, karpetan ageri diren Kirmen Uriberen testu eta Igor Zorrozuaren marrazkien laguntzarekin (Belfast, Chichen Itza, Portugaleteko Zubia), eta toki horiek izan dira doinu bakoitzaren iradokitzaile. Hilobiratua den herria ageri duen «Zu gabe» adibidez, aititeri eskainia dio.
Folk musika tresnak uztartu eta trikiti soinuak berritzeko ahalegin nabarmena egin du bizkaitarrak, eta aurki emango du zuzenean, gonbidatuekin batera.
Soinu txikiaren doinuak berritzeko ahalegin nabarmena egin du «Denboraren naufrago» lanean Xabi Aburruzaga portugaletetar trikitilariak.