Zesta Puntako Binakako Txapelketaren finala Markinan
Etorkizuna iraganaren aurka oraina norena den jakiteko
Lopez eta Felix atzelari bikainen arteko lehia da finalak duen elementu erakargarrietako bat.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Egiguren II.a-Felix eta Foronda-Lopez bikoteek jokatuko dute gaur gauean, Markinan, Munduko Pilota Kontseiluak antolatutako Binakako Zesta Punta Txapelketa (23.00, ETB-1). Bi bikoteak orain arte jokatutako bost partidak irabazita iristen dira finalera eta ikuskizuna, beraz, ziurtatuta dago. Aurrez, 22.00etan hasita, hirugarren posturako lehia izango dute Lander-Alliez eta Olha-Irastorza bikoek.
Gaurko finalak faktore erakargarri asko baldin baditu ere, interes gehien pizten duen norgehiagoka atzeko koadroetan garatuko dena izango da: Imanol Lopez, egungo atzelari indartsuena eta buruz burukoan Goikoetxeari hurbiltzen zaion puntista bakarra, Felix Espillaren kontra, 47 urte beteta, profesionaletan 31 daramatzan eta bi hamarkada luzetan erreferentzia izan den atzelaria. Beste modu batera esanda, etorkizuna eta iragana aurrez aurre, oraina norena den erabakitzeko.
Ezberdinen arteko oreka
Hala ere, norbanakoen gainetik, bikain elkar ulertzen duten pilotariek osatutako bikoteen meritua nabarmendu behar da finala aztertzerako garaian. Lopez bezalako jotzaile batek izan lezakeen lagunik onena da Iker Foronda. Langilea, fisikoki lan aparta egiten duena eta defentsan erne ibiltzen dena. Bere erregulartasuna argi erakusten dute Danian 2004an kiniela gehien irabazi zituen pilotaria izateak edota 2007an Orange zirkuituan lortutako garaipenak.
Beste aldean, berriz, argi dago Felixek bakarrik ezin duela gaur egun partidarik irabazi eta laguntza behar duela aurreko koadroetan. Egiguren II.ak laguntza hori ezin hobeto ematen dio, tantoa amaitzeko duen erraztasunagatik, baina batez ere, erreboterako duen segurtasun apartarengatik. Egungo aurrelari onena ez baldin bada, ez da oso urrun ibiliko, bere garaipen zerrenda mardulak erakusten duen moduan.
Finalera heltzeko, hala ere, kanporaketa zailak gainditu behar izan dituzte bi bikoteek. Egiguren II.ak eta Felixek Lander eta Alliez menderatu zituzten 35-32 larri batekin; Forondak eta Lopezek, aldiz, Olha eta Irastorza utzi zituzten kanpoan 35-33 irabazita. Jarrai dezala emozioak eta parekotasunak!