GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ezker abertzalearen kontrako sarekada berriz ere

Ehunka lagunek arbuiatu dute ezker abertzalearen aurkako sarekada

p006_f0141346.jpg

Janire ARRONDO | DONOSTIA

Asteartean Polizia espainolak ezker abertzalearen aurka egindako operazio «larria» arbuiatzeko eta euren desadostasuna agertzeko, ehunka lagun atera ziren atzo kalera LAB sindikatuak deiturik. Sindikatu abertzaleak Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbon dituen egoitzen atarietan egin zituzten elkarretaratzeak. Argi utzi zuten «orain arte bezala» euren lanarekin jarraituko dutela.

Donostian, operazio polizialak zuzenean jo zuen Igarako LABeko egoitzaren aurrean, ehundik gora lagun elkartu ziren eguerdian, «Errepresioa ez da bidea. Eman hitza Euskal Herriari» zioen kartelaren atzean. Bertaratuek «Erasorik ez», «Eman hitza Euskal Herriari» edo «Atxilotuak askatu» gisako oihuak egin zituzten.

Elkarretaratzean, sindikatuko zuzendaritzako kide Garbiñe Aranburuk operazio honetan LAB «erasota» izan dela salatu zuen: «Egoitza honetan inpunitate osoz sartu, eta Rafa Diez eta Txelui Moreno gure kideak atxiloturik eraman dituzte». Aranburuk nabarmendu zuenez, sindikatuko egoitzen aurrean egiten ari ziren mobilizazioek horri erantzuten diote, «guk ere sindikatua eta geure burua erasota ikusi ditugulako».

«Nahikoa zantzu»

Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak ezker abertzaleko kideen atxiloketen ondoren egindako adierazpenei ere erantzun zion Aranburuk. Hain zuzen ere, Rubalcabak adierazi zuen sindikatuaren aurka egiteko «nahikoa zantzu» ez duela «oraingoz», eta horri erantzun zion Aranburuk, «ez da momentu kontua, edo ez luke izan behar behintzat» esanez. Bestalde, zuzendaritzako kideak azaldu zuenez, «hasieratik, sindikatu honek langileen interesak defendatzeko egin du lan, eta langileentzako estrategia alternatiba eskaintzea da gure helburua». Horren ildotik, honakoa gaineratu zuen: «Independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan aritu izan gara beti, eta lan horretarako prest dauden guztientzat ateak zabalik ditugu».

Krisi testuinguruan, LAB bezalako sindikatu baten lana inoiz baino beharrezkoagoa dela nabarmendu zuen.

«Langileen interesen defentsan oinarrituko den eredu sozioekonomiko baten alde borroka egiten dugulako». Eta horretarako, bitartekoak edukitzea eta aldaketa politikoaren aldeko borrokan jardutea beharrezkoak direla argitu zuen. «Hori da gure lana, lan publikoa. Horretan ari gara eta horretan jarraituko dugu», azpimarratu zuen Aranburuk.

Iruñean, bestalde, 800 lagun inguru bildu ziren bat-batean hasi zuten manifestazioan. Hasiera batean, 200 lagun inguru bildu ziren eguerdirako deituta zegoen elkarretaratzean, baina, Errotxapeako kaleetan barrena abiatu zirenean jende andana batu zen protestara. Polizia espainolaren furgoien bat agertu bazen ere, ez zuten manifestazioa gelditu. Bertaratuek «PSOE-GAL berdina da», «Estado español, estado terrorista» edo «que vayan a la cárcel los banqueros» gisako oihuak zabaldu zituzten.

Nafarroako LABeko eledun Igor Arroyok adierazi zuenez, polizia operazioak «erantzun irmoa izango du». Beraren iritziz, astearteko operazioaren helburua da «ezker abertzalea kolpatu, blokeatu eta Euskal Herrian aro berri bat irekitzeko asmoa geldiaraztea». Era berean, Arroyoren hitzetan, Gobernu espainoleko eragile politiko eta sozialek «badakite ezker independentismoak indarra eta determinazio osoa duela egungo salbuespen estatua gainditzeko». Horregatik, eledunaren ustez, «Euskal Herrian eskubideak errespetatuko diren ziklo berria irekitzea oztopatu nahi dute».

Jo puntuan

«Aparatu juridiko, politiko eta polizialak elkarren zerbitzuan jarriz, nazio askapen mugimendua jo puntuan ezarri dute» salatu zuten Segi gazte erakundekoek. Euren hitzetan, «hauxe da negoziazio politikoan apurtuz gero, Estatu espainolak zein Gasteiz eta Iruñeko sukurtsalek eskaintzen duten bakarra».

Ohar bidez azaldu zutenez, «guk argi dugu iluntasunean eta ekaitzaren erdian zutik, duintasunez eta borrokaz posible dela sakoneko aldaketa politikoa eta soziala gauzatzea». Horregatik, «kaleak astindu eta gazteak independentziara lotzeko» gaur goizean ikastetxeetan eta arratsaldez herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten.

Protestak egunotan

Garzon epaileak zuzenduriko operazioa salatzeko, egunotan LABek deituriko agerraldiez gain, beste hamaika elkarretaratze eta manifestazio ere izan dira. Iruñeko Eunate Institutukoek, esaterako, bertako irakasle den Ainara Oiz izan zuten bereziki gogoan. «Gure babesa eman nahi diegu elkarrizketaren alde lanean diharduten guztiei», adierazi zuten.

Nafarroako hiriburuan bertan SNS Osasunbideko langileak ere Bideko Ama ospitalearen atarian elkartu ziren eguerdian. Euren lankide Txelui Morenoren atxiloketa salatu zuten 70 lagun bildu zituen elkarretaratzean. Morenoren atxiloketa salatu zuten asteazkenean Burlatan ere. Atxiloketon aurkako jarrera adierazteko eginiko manifestazioan 200 lagun inguru bildu ziren. Hasieran, biltzarra egitekotan baziren ere, azkenean manifestazioa egitea erabaki zuten. Abiatu bezain pronto, Polizia espainolaren hainbat furgoi agertu, eta bertaratuen aurka jo zuten borrekin jo eta gomazko pelotak botaz. Bizilagunek azaldu zutenez, polizia furgoiak abiadura handian ibili ziren kaleetatik, kontrako noranzkoan ere bai, arrisku egoerak sortuz.

Azkoitian, era berean, 70 lagun inguru bildu ziren asteazkenean operazioa salatzeko deituriko elkarretaratzean. Zestoan, berriz, 60 lagun inguruk bat egin zuten deialdiarekin.

Atzo ere, izan zuten lekurik euskal presoen aldeko eta operazioaren aurkako mobilizazioek. Iruñeko Alde Zaharrean 37 lagun bildu ziren, 60 Txantrean, 51 Iturraman eta 60 Donibanen. Bestalde, 60 lagun bildu ziren Gasteizen, 200 Oiartzunen, 75 Eibarren, 150 Burlatan, 250 Oreretan, 150 Hernanin, 30 Amurrion eta 150 Durangon.

manifestazioak

Gaur iluntzerako manifestazioak deitu dituzte hainbat herritan. Esaterako, Elgoibarren, Plentzian, Errenterian eta Oiartzunen, 20.00etarako.

STOP

«Errepresioari stop, aldaketa politikoa eta soziala» lelopean, iluntzeko 19.30ean manifestazioa egingo dute Donostian Boulevardetik abiatuta. Barañainen, bestalde, 19.00etan hasiko da.

JARRAITUKO DUGU

LABeko zuzendaritzako kide Garbiñe Aranburuk azaldu zuenez «independentzia eta sozialismoaren aldeko borrokan aritu izan gara beti, eta lan horretarako prest dauden guztientzat ateak zabalik ditugu. Gainera, orain arte bezala, lanean jarraituko dugu hemendik aurrera ere».

duintasunez

«Guk argi dugu iluntasunean eta ekaitzaren erdian zutik, duintasunez eta borrokaz posible dela sakoneko aldaketa politikoa eta soziala gauzatzea». Hala, gaur egitekoak diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Segi gazte erakundeak.

Polizia operazioa salatzeko deialdia egin du gaurko LABek

Gaur, Donostian Bretxa parean, Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan, eta Iruñean Bideko Amaren ospitalean 12.30ean elkartzeko deia egin du LABek. Bilbon, berriz, 12.00etan giza katea egingo dute epaitegitik PSOEren egoitzaraino. Lasarten, berriz, Michelin aurrean bilduko dira LABeko lehengo eta oraingo zuzendaritzako kideak eguerdiko hamabietan. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo