Ipar Euskal Herriko lurralde antolaketaz hausnartzeko jardunaldiak Baionan
Iraunkortasunaren ikuspegitik lurraldea antolatzeko nolabaiteko gida osatzeko bidean, Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak hausnarketa saioak antolatu dituzte, Baionako campusean, azaroaren 4tik 6ra.
Arantxa MANTEROLA |
«Euskal Herria antola eta zain dezagun» operazioaren barnean, Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko buruak, Jean-Baptiste Etxeto Garapen Kontseilukoak eta Jean-Pierre Voisin Hirigintza Agentziakoak azaroaren 4tik 6ra, Errobiko campusean antolaturiko jardunaldiak aurkeztu zituzten atzo.
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako lurralde antolaketa iraunkorraz hausnartzea da jardunaldien xedea. Hiru egunez, herrialde eta esparru ezberdinetako adituen laguntzarekin, hiru gai jorratuko dituzte: espazioa nola kudeatu; mugikortasuna nola taxutu eta, azkenik, hiriak eta herriak nola antolatu.
Adimena eta talentua
«Esperientzia berritzailetzat» jota, jardunaldion garrantzia nabarmendu zuen Lasserrek, eta herritarrei dei egin zien bertan parte har dezaten, esparru politiko zein zibilekoak izan, «talentu eta adimena» ezaugarriak betez gero. Ondorioekin, biharko Ipar Euskal Herria antolatzeko proposamenak landuko dituzte, eztabaidatu ondoren, 2010eko amaieran Karta bat osatzeko. «Karta hori hautetsi eta eragileentzat tresna baliotsua izanen da lurralde-antolaketaz erabakitzeko unerako norabideak eskainiko baitizkie» gaineratu zuen.
Jardunaldiak egun osokoak izango dira. Goizeko mintzaldiaren ostean, lantaldeak osatuko dituzte gai zehatzak aztertzeko. Lantaldeetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Arratsean, berriz, hitzaldi irekiak izango dira. Egitarau osoa eskura dago, www.lurraldea.net gunean.