GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Fosburyk bezala, kantu berriekin jauzi egin dugulakoan nago»

p054_f01_286x160.jpg

Okene Abrego

Inoren ero ni taldeko abeslaria

Okene Abregok hogeita bost urte bete berri ditu Bap!! taldearekin lehen aldiz oholtza gainera igo zenetik. Hardcore eta punk garaietatik, urte hauetan guztietan musika garapen etengabean, Inoren Ero Ni taldean dihardu egun abeslari lanetan. Era berean, Dilistak egitasmoan eta disko jartzaile bezala ere ibiltzen da, DJ Prest izenarekin.

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Bap!! taldearen errautsetatik sortu zen Inoren Ero Ni 2003. urte inguruan, Mikel Txopeitia (bateria), Okene Abrego (ahotsa) eta Drake Olazabal (baxua), hirurak Bap! taldean arituak, Purr taldetik zetorren Borja Iglesiasekin (gitarra) elkartu, eta talde berri bat martxan jarri zutenean. Hasieratik, aurreko taldearekin etena egin nahi izan zuten, nortasun propioa zuen talde berri bat abian jarri zutela aldarrikatuz. Ibilbide berriko lehen diskoarekin (Metak diskoetxea, 2004), Bap!! taldearen zertzeladak agertzen baziren ere, kantuak konposatzeko moduari begira, hutsetik abiatutako talde bat zela sumatzen zen.

Dozenaka emanaldi eta «Gromhöl» diskoa burutu ostean, 2007ean, Drakek taldea utzi, eta Mariano Hurtadok hartu zituen taldeko lau sokak. Formazio honekin grabatu zuen taldeak estudioko azken lana, bost kantu berri biltzen dituen «Fosbury» diskoa. Bihar gauean Bergarako gaztetxean aurkeztuko dute lan berria zuzeneko kontzertuan Erantzun taldea taulan lagun izango dutelarik.

Disko berria kalean eta aurreko estrategia bera erabiliz. Bost kantuz osaturiko disko-biniloa.

Lan egiteko era aldatu dugu azken bi disko hauetan. Taldekide guztiak baditugu beste musika proiektu batzuk, eta horrek denbora kentzen dio taldearen martxari. Kantuak konposatzeko unean nahiko mantsoak gara, eta nahiago dugu entsegu lokalean abestiak sortu ahala, estudiora joan eta grabatzea. Egun disko bat egiteko hamar kantu berri sortzea sekulako lana da guretzako. «Gromhöl» diskoarekin hasi ginen lan ildo honetan sakontzen, eta datorren lana ere, bide hori eramango duelakoan naiz. Bost kantu berri atera bezain pronto, hauek grabatu eta hirugarrena kaleratzeko asmoa dugu.

Alta, bada garapenik eta badira musika norabide berriak.

«Fosbury»k bezala jauzi bat egin dugu disko berri honetan. Gure musika eran ate berriak ireki dira, eta musika eragin ezberdinak topatu daitezke kantu berrietan. Burutu dugun grabaketa bakoitzean egin dugu pauso bat aurrera, baino akaso orain nabariagoa da. Sorkuntza prozesua ezberdina izan da eta Marianoren eskua ere garrantzitsua izan da zentzu horretan.

Ahotsetan esaterako, bide berriak sumatzen dira...

Nire musika ibilbide osoan beti saiatu izan naiz gauza desberdinak egiten. Disko honetan, esaterako, gehiago abestu nahi nuen, eta erregistro ezberdinak landu ditut. Azkenean, nire ahotsa izaten jarraitzen du, baina aurreko diskoetan baino gehiago landutako ahotsa dago kantu hauen atzean.

Aipagarria, era berean, taldeak lortu duen soinua. Urte asko Kaki Arkarazoren gidaritzapean lan egin eta gero, honakoan Karlos Osinaga izan duzue soinu teknikari.

Bap!! taldearen garaietatik egin dugu lan Kakirekin eta beti pozik geratu gara berak egindako lanarekin. Honako lanean, aldiz, Karlosekin lan egiteko aukera agertu zitzaigun, eta saiakera egitea pentsatu genuen. Azken urte hauetan erlazio handia izan dugu berarekin, Lisaborekin egindako kontzertuetan, Bide Huts plataforman, lagunartean, eta abarretan. Karlosek grabaketa lanak egin ez ezik, bere ekarpena ere egin die kantuei, abesti baten bere gitarra sartu du. Kaki eta Karlos bi teknikari ezberdin dira, eta bakoitzaren estiloa eta egiteko erak nabari dira disko bakoitzean. Kakik berriz, diskoaren masterizazioan parte hartu du.

Taldearen bidean bada inflexio puntu bat, eta beharbada honako hau izan daiteke: duela lau urte Drakek Inoren Ero Ni utzi ostean, Mariano sartzea baxua jotzera.

Hasierako uneak zailak izan ziren. Drake ordezkatzea ez zen batere lan erraza, baina taldearekin aurrera egin nahi genuela argi genuen. Bide horretan topatu genuen Mariano. Jaiotzez Cadiz-ekoa den arren, azken urteotan Hendaian bizi, eta musikari bezala ibilia da. Bere garaian, El Hombre Burbuja izeneko bandan jo zuen, baita Irun aldeko talde batzuetan ere. Entsegu lokalera gonbidatu genuen gure kantuak entzutera eta taldean geratu zen. Drakerekin alderatuz, baxua jotzeko beste era bat du, eta zentzu horretan, gaur egun bere ekarpena egiten ari da kantu berrien sorkuntzan. Taldean orain dela hiru urte egon arren, hauxe da grabatu duen lehen diskoa Inoren Ero Ni taldearekin. Marianoren sarrerarekin kantu zerrenda ere berritu dugu eta azken bi diskoak dira orain zuzeneko emanaldien zutabe nagusia. Lehen diskoko kantu batzuk jotzen ditugu oraindik ere, baina garapen bat izan dute, ez bakarrik baxuetan, orokorrean ere bai.

Inoren Ero Ni martxan jartzerakoan, rock talde batek dituen ohiko musika tresnak ez ezik, sampler eta pregrabatuen erabileran ere sakontzen hasi zineten.

Musika elektronikoarekin dugun harreman hau aspalditik dator. Elektronikak ematen dituen baliabideak gure musikarekin nola uztartu pentsatzen hasi ginen, eta horretarako sampler-en erabileran sakondu genuen. Mikel anaiak Parafunk taldearekin erabiltzen zituen jada, baita Gailu egitasmoan edota Fermin Muguruzaren kantuetan ere. Sampler-en garrantzia handia da gure taldean, ñabardura txikiak izan daitezke akaso, baino asko janzten dute gure musika.

«Fosbury»k arriskatu egin zuen jauzia egiterakoan. Talde ausarta da Inoren Ero Ni?

Harroputz samarra izan daitekeen arren, arriskatzen dugula uste dut. Saiatzen gara erritmo desberdinak jorratzen eta betiko estrukturetan ez erortzen. Badakigu gure erritmoak konplexuak izan daitezkeela entzule askorentzat, ez direla hemen ohikoak, eta Euskal Herrian ez dagoela gure tankerako talde asko. Alta, jendearen belarriak zabaltzean ari direlakoan nago, eta hori, gauza ona da.

Musikari bezala 25 urte bete berri dituzu taula gainean. Zenbateraino aldatu da musika eszena Euskal Herrian.

1980ko hamarkadan sortua naiz musikalki, eta gauzak dezente aldatu direla ezin ukatu. Garai horretan bizitakoa «la ostia» izan zen, baino gaur egun ere gauza asko sekulakoak dira. 1980ko hamarkadan eztanda izan genuen: Gaztetxeak, okupazio mugimendua, fanzineak, musika taldeak, kontzertuak... Eszena aldatu da, eta inoiz ez da garai batean izan zena izango, baino indar asko dago oraindik ere. Atzera begira egon gabe, gaur egungoa bultzatu beharra dagoela uste dut, nostalgian erori gabe. Badago nolabaiteko etsipen puntu bat, lehengo garaiak goraipatuz eta egungoak gutxietsiz, eta jarrera hori ez dut oso gogoko. Oraindik badira gauzak egiteko ilusioa, autogestioan sinesten duten guneak, eta gaztetxeen zirkuitua ere hor dago. Egunez egun gehiago sinesten dut orain egiten ari naizen honetan.

Jauzi ausarta, musikaren zirrikituetatik barrena

1968an Mexikon ospatu ziren Olinpiar Jokoetan Dick Fosbury kirolari estatubatuarrak gorako jauzia irauli zuen, salto egiteko era berri batean saiakera eginez. Fosburyk arriskatu, eta irabazi egin zuen. Geroztik, bizkarrez salto egiteko era hori ohikoa bihurtu da jauzilarien artean. Musikan arriskatzea ez da oso ohikoa gurean, normalean musika taldeak aurrez ezarritako moldeak lantzen baitituzte behin eta berriz, bide berrietan saiatzeko ausardiarik gabe. Fosburyk egin bezala, Inoren Ero Ni taldeak ausardiaz egin du salto, musika territorio berrietan murgilduz eta zirrikitu ezberdinetatik bidaiatuz. Bost kantuz osatuta dagoen diskoan, Gorka Setienen laguntza izan dute bi kanturen hitzetan, eta Anariren ahotsa entzun daiteke «Alebas Utsahan» kantuan.K. O.

ELEKTRONIKA

«Sampler-en erabilerak garrantzi handia du taldean. Kantu baten barnean ñabardura txikiak izan daitezke, baino asko janzten dute gure musika»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo