GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Poesia eta antzerkia uztartzen dituen «Locus Desertus» antzezlan poetikoa, gaur Zizur Nagusian

Mercedes Castañok zuzendutako lan honek, Ion Barbarin du antzezle eta ama eta seme-alaben arteko loturei buruzko hausnarketa dakar oholtza gainera. Lizarran ere izango da emanaldia, hilaren amaieran.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Emakumeei eskainitako omenalditzat har daitekeen «Locus Desestus» antzezlana gaur gauean izango da Zizur Nagusiko Kultur Etxean, 22.00etan. Mugimendutik eta poesiatik abiatuta, ama eta seme-alaben arteko erlazioari eta heriotzari buruzko gogoeta planteatzen dute lanaren atzean dauden Mercedes Castaño eta Ion Barbarinek. Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleak izandakoek euren barrutik sortu dute lan hau, Ionek azaldu duenaren arabera. «Dantza eta antzerkia nahasten zituen lan bat egitea izan zen hasieran genuen helburua». Bidea aukeratuta, amarekiko erlazioei buruz hitz egitea erabaki zuten, gai hori unibertsala dela kontuan hartuta.

Publikoarekin sortzen den erlazioari dagokionez, ez dute soilik komunikazioa bilatzen, «gurekin bat egitea» baizik, azaldu du Barbarinek. Aurretik antzeztu izan dutenean, ikusleek helarazitako erantzunek harritzen dutela azaldu zuen antzezleak, askotan ezusteko irakurketak egiten baitituzte. Ion da oholtza gaineko antzezle bakarra, eta hala ere, hamaika pertsonaiari ematen die bizitza, «agure bat, bere ama, lehen aldiz maitemindu den gaztea, eta abar». Zizur eta Lizarrako emanaldiez gain, erronka berezi bat dute sortzaileek, Argentinara bidaiatuko baitute Iberoamerikar jaialdian parte hartzeko, eta «ilusio handiz» itxaroten duten unea da beraientzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo