Txapelketako karrusela berriz jarriko da martxan Uztaritzen eta Zarautzen
Uztaritzen, gaur, eta Zarautzen, bihar. Asteburuan plaza horietan egingo du geldialdia Txapelketa Nagusiaren errusiar mendiak. Bertara igoko direnen artean bietatik dago; aurretik ibilitakoak eta lehendabizikoz igoko direnak. Orokorrean, plaza dezente pasatako bertsolariak daude bai Uztaritzeko seikotean eta bai Zarauzkoan ere. Baina ez da komeni bero-beroan pronostikorik egitea, ikusia baitago ezustekoak dezente izan daitezkeela karruselen bidaia horietan.
Amagoia MUJIKA | DONOSTIA
Oraingoz, ez da faboritoen txapelketa izaten ari. Ez Zestoan ez Bilbon pronostikoak ez ziren bete, eta asko espero ez zenak eraman zuen finalaurrekoetarako txartela; Jone Uria gazteak lehendabizikoan eta Iñaki Zelaia beteranoak azkenekoan. Leitzan Etxahun Lekue nagusitu izana ez zen hainbesteko ezustekoa izan. Hala ere, espero ez izateak ez du esan nahi merezi ez zutenik. Saioa ondo josi ondoren lortu dute hiruek hurrengo fasean tokia gordetzea.
Izen handiak geratzen ari dira bidean. Eta horrek asko esan nahi du txapelketak bertsolariengan sortzen duen presioaz. Nahiko estu eta lotuta sumatzen dira bertsolari batzuk. Ikusiko da asteburuak zer ematen duen. Ikusiko da Zestoako saioak puntuaketan jarri duen langa norbaitek gainditzen ote duen. Printzipioz, bai Uztaritzeko saioak eta bai Zarauzkoak itxura ederra daukate.
Gaurko hitzordua Uztaritzeko Kiroleta pilotalekuan dauka jarria Txapelketa Nagusiak. 900 lagunentzako tokia egokituko da bertan eta aurretik Interneten saldu diren sarrerez gain, Uztaritzen bertan ere salgai izango da sorta bat 16.00etatik aurrera. Sei bertsolari gazte igoko dira oholtza gainera, 22-32 urte bitartekoak. Horietatik hiruk nahiko ondo ezagutzen dute Txapelketa Nagusia; Aitor Sarriegirentzat laugarrena izango da; Arkaitz Estiballesentzat, hirugarrena eta Xabi Payarentzat, bigarrena. Erika Lagomak, Unai Muñoak eta Beñat Gaztelumendik, berriz, lehenengoz abestuko dute hitzordu handian.
Xabi Paya algortarra da eta 26 urte ditu. Bizkaiko txapelduna izan zen 2006. urtean eta 2005eko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara iristea lortu zuen.
Aitor Sarriegi beasaindarra da eta 32 urte ditu. 1992. urtean Lizardi eta 1993an Osinalde sariak irabazi zituen. Gipuzkoako txapelketan finalista izan zen 2007. urtean eta azken hiru edizioetan finalaurrekotara iritsi da Txapelketa Nagusian.
Erika Lagoma lesakarrak 28 urte ditu. Bi aldiz izan da Nafarroako eskolarteko txapelduna eta 2004. urtean parte hartu zuen lehenengoz Nafarroako Txapelketan. 2006tik 2009ra bitartean Nafarroako final guztietan izan da. Aurtengoan, hirugarren tokia lortu du. Beretzat lehendabiziko Txapelketa Nagusia izango da gaur Uztaritzen hasiko duena.
Unai Muñoa lasartearra da eta 27 urte ditu. Txapelketa eta sariketa ugaritan ibilitakoa da eta Hamaika Bertute kolektiboko kidea ere bada. Muñoarentzat ere lehendabiziko Txapelketa Nagusia da.
Beñat Gaztelumendi añorgarra izango da saioko gazteena bere 22 urteekin. Eskolarteko eta gazte mailako sariketa askotan parte hartu du eta sari asko irabazi ditu. 2007. urteko Gipuzkoako Txapelketan balentria handia egin eta bigarren postua lortu zuen.
Seikotea ixteko, Arkaitz Estiballes galdakaoztarra. 32 urte ditu eta 2000. urteaz geroztik, Bizkaiko final guztietan izan da kantuan. Hirugarrenez arituko da Txapelketa Nagusian.
Eta bihar, Zarautzen
Finalaurrekoetan bosgarrena eta azken bigarrena Zarautzen jokatuko da bihar, hilaren 18an. Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko da bertso partida 17.30etan hasita eta 1.100 lagunentzako tokia izango da bertan. Uztaritzen bezala, Zarautzen ere 16.00etan irekiko da sarrerak eskuratzeko leihatila.
Eskarmentudun seikotea egokitu da Zarauzko saioan, izan ere, denek dute probatua Txapelketa Nagusiaren zaporea. Iratxe Ibarra markinarrarentzat eta Joxe Munduate ataundarrarentzat, laugarrena izango da. Xabier Silveira lesakarrarentzat, hirugarrena. Eta Oihane Perea gasteiztarra, Iker Zubeldia zegamarra eta Unai Agirre hernaniarra aurretik beste behin aritutakoak dira Nagusian.
Iratxe Ibarrak 34 urte ditu. Bizkaiko Txapelketan finalista izan da sarri eta, esan bezala, laugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. Markinarra da.
Xabier Silveirak 32 urte ditu. Bera da Nafarroako egungo txapelduna eta dagoeneko baditu Nafarroako sei txapel etxeratuak. Hirugarren aldia du Txapelketa Nagusian.
Iker Zubeldia zegamarra da eta 28 urte ditu. 2007ko Gipuzkoako Txapelketan finalera iritsi eta bertsozale asko konkistatzea lortu zuen bere bertsokera bereziarekin. Bigarrenez arituko da Nagusian.
Unai Agirre hernaniarra da eta 33 urte ditu. 2007ko Gipuzkoako Txapelketan finalista izatea lortu zuen eta bigarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa.
Oihane Perea gasteiztarra da, 31 urte ditu eta bera da egungo Arabako txapelduna. Bigarrenez arituko da Nagusian.
Eta, azkenik, taldeko zaharrena, Joxe Munduate ataundarra (36 urte). Aspaldi hasi zen oholtza gainekoan. 1989. urtean Lizardi eta Osinalde sariak irabazi zituen eta, 2005ekoan huts egin zuen arren, berriz bueltatu da Txapelketa Nagusira. Eta, aurtengoarekin, baditu lau.
Esandakoa. Bi plazak prest eta pentsatzekoa da hamabi bertsolariak ere halaxe daudela. Haiek gero eta gehiago gozatu, hobe haientzat eta zalearentzat.