GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Geroa marrazten» ari direla adieraziko dute Ikasle Egunean

Azaroarekin batera, eta urtero bezala, Ikasle Eguna jada hemen dago. Arrasaten izango da zita datorren hilaren 7an. Ikasturtea hasi da jada, eta eskola zein fakultateetan eskubide urraketak eta IAren proiektuaren tope direnak «marra gorriekin» markatzearekin batera, geroa ere «marrazten» ari direla argi dute. Hori izango da Ikasle Eguneko mezu nagusia.

p017_f01_148x100.jpg

GARA

«Geroa marraztera goaz!» lelopean aurkeztu zuen atzo Ikasle Abertzaleak taldeak datorren azaroaren 7an Arrasateko kaleak bustiko dituen Ikasle Eguna.

Ikasle eta abertzaleentzat egun «berezia» izango dela baieztatu zuten. «Egun batez, gaur egun ikasle direnak eta ikasteari aspaldi utzi ziotenak batzeko aukera izan ohi da», adierazi zuten antolatzaileek.

Gazte Topaketei ekarpena

Aurten ere, azken bi urteetan bezala, 10.30etatik aurrera ikasle topaketak burutuko dituzte. Kontuan hartu behar da Ikasle Eguna izan eta hiru aste eskasera Euskal Herriko Gazteen Topaketak izango direla, eta, hortaz, atzo nabarmendu zuten bezala, azaroaren 7ko hitzordua oso baliagarria izango dela «ikasleek hezkuntzaren esparrutik egingo duten ekarpena zehazteko».

«Bizi dugun egoera aztertu eta horren gaineko geure alternatiban sakonduko dugu», adierazi zuten. Ildo horretan, Ikasle Egunean «geroa marraztera» doazela ere gaineratu zuten Ikasle Abertzaleek.

Ikasturtea hasi da jada, eta eskola eta fakultateetan eskubideen urraketak eta IAren proiektuaren tope direnak «marra gorriekin» markatzen ari direla gogora ekarri zuten. Baina, ikasle abertzaleek, marra gorriak markatzetik haratago, honakoa ere argi eta garbi dute: «Geroa ere marrazten ari gara». Horixe bera izango da Arrasaten azaroaren 7an irudikatuko dutena.

Etortzekoa den edizio honetarako, bigarren aldiz, musika maratoia ere prestatu dute. Ikasleen musika taldeei Ikasle Egunean jotzeko aukera eman nahi diete eta, hortaz, jotzeko prest daudenek IAko web orrian eman behar dute izena. Pasa den astean abiarazi zuten izen ematea eta dagoeneko Euskal Herriko talde askoren izenak jaso dituzte.

Aurreko edizioetan egin bezala, IAko webgunean -www.ikasleabertzaleak.org- Ikasle Egunaren gaineko xehetasun guzti-guztiak argitzeko blog berezia sortu dute. Bertan, poliki-poliki, beharrezko informazioak zintzilikatzen joango dira. Autobusen inguruko nondik norakoak, egitarauaren zehaztapenak, oharrak, kanta... izango dira blogean ikusgai.

Egitarauari dagokionean, ikasle topaketekin emango diote hasiera Arrasateko Ikasle Egunari, 10.30ean. Ordu horretan ere, Sebero Altube plazan, Hezkuntza Sistema Nazionalaren Gunean, umeentzako jolasak, taloak, erakusketak eta ikasle denda izango dira.

Ikasle bazkarira kalejiran abiatuko dira 13.30ak inguruan eta, ondoren, antzerkiaz, musika maratoiaz, batukadaz... gozatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek. Jarraian, 19.30ean, manifestazioa abiatuko da Sebero Altube plazatik; amaieran, ekitaldi politikoaren txanda izango da. Des-Kontrol, KOP, Esne Beltza, Zea Mays eta Radio Afu taldeen kontzertuak eta Beste Bat taldearekin erromeria izango dira gauean unibertsitatean. Kontzertuetarako sarrerak salgai dira ohiko tabernetan.

musika maratoia

Ikasleen musika taldeei Ikasle Egunean jotzeko aukera eman nahi izan diete; parte hartzeko nahiko da IAko webgunean izena ematearekin. Izen ematea abiarazi dutenetik talde askoren izenak jaso dituzte.

SARRERAK

Gauean izango diren kontzertuetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, ohiko tabernetan. Aurrez erosiz gero, 15 euro balio ditu sarrerak; kontzertuan bertan, hiru euro gehiago balioko ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo