GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Udaberria etorraraziko dugu

Negurik gorriena irudikatu nahi dute. Udaberririk ez dela inoiz ere etorriko. Bagenekien haiek ez zutela udaberria ekarriko. Bagenekien udaberria ekartzea gure lana dela, gure ardura, udaberria maite dugun guztion betebeharra

Ez gaitu izutzen negu hurbilak. Ez gaitu sekula ere izutu. Ez gara harroputzak ezta ergelak ere, neguko hotzak mintzen gaitu, haize izoztuak astintzen ditu gure gorputzak, iluntasunak tristatzen digu gogoa, baina erabaki genuen, ekar zezakeena jakinik erabaki ere, udaberri gozoen usaina bizirik gordeko genuela negu gorrian. Erabaki genuen, zaila eta gogorra izanen zela jakinik erabaki ere, ekaitz bortitzenen erdian ere, oroitzapen hori geroaren argi bilakatuko genuela. Gau erdian itsu ibili arren bidea behin ere ez genuela galduko. Telesforok idatzi bezala, otsoak eskutik ez gintuela hartuko. Ez ditugu sentimenak baztertu, beldurra zer den badakigu, lagun eta maite ditugunon hutsuneak zirraratzen gaitu, aitzinean ditugunak edozer krudelkeria egiteko gai direla jakin badakigulako. Adierazi egin digute. Hitz ederrak erabiltzen dituzten basapizti oldarkorrak direla badakigu. Baina ikasi dugu neguaren une latzenean udaberria agertarazteko mirakulua gauzatzeko gaitasuna dugula. Ikasi dugu jadanik egin dugulako. Beste negu gorriak gainditu ditugula. Neguko loreak sortarazten adituak garelako.

Udaberriari erreparatzea, eta ez neguari, erabaki genuen erabaki behar genuelako. Baita erabaki nahi genuelako ere. Nork bere bizitza besterik ez duelako, eta ezin baita askatasunaren ametsa ustezko beste bizitzarako utzi. Ametsek mugiarazi dutelako mundua, loturik den orok libertatea maite duelako. Biharkoa gaur eraikitzen hasi beharra dagoelako. Jainkoen paradisurik ez baizik eta pertsonen jendarte justua amesten dugulako. Horregatik guk aspaldi erabaki dugu, eta egunoro erabakitzen dugu berriz ere, aske izateko eskubidea dugula. Jakinik inork ez digula gurea dena oparituko, gure eskuetan dagoela askatasuna eskuratzea. Bakarrik gure eskuetan.

Horregatik eskuak erabili, zikindu, astindu, busti, zulatu, txikitu, harrotu, margotu... eta ukabila bildurik altxatu egin ditugu. Baina, batez ere, eskuak luzatu eta beste eskuekin bildu egin ditugu, zureak, nireak, horienak, haienak, zuenak. Eta beste eskuekin biltzea erabaki dugu, askatasunaren ametsa ez baita inorena, berenganatzen duten guziena baizik. Guk ez dugulako inolako monopoliorik behar, ezta nahi ere. Milaka eskuek osatutako baso erraldoia izanen baita biharko Euskal Herriaren habia. Eskuak moztu nahi izan dizkigute. Esku ezagunak lotu dituzte, denok eskuak harrapatuta senti ditzagun. Beste eskuekin bil ez ditzagun. Eskuak behera utz ditzagun, amilduak, akituak. Baina guk eskuak altxatzea erabaki dugu. Eskuak luzatzea, beste eskuekin bateratzea eskuz eskuko lana eginaz.

Negu gorrienean sarrarazi nahi izan gaituzte, oraingoan ere. Negurik gorriena irudikatu nahi dute, eta are gorriagoa izanen dela sinestarazi nahi digute. Udaberririk ez dela inoiz ere etorriko. Bagenekien haiek ez zutela udaberria ekarriko. Ez gara inoiz horren eske ibili. Bagenekien eta badakigu udaberria ekartzea gure lana dela, gure ardura, udaberria maite dugun guztion betebeharra.

Udaberria etorraraziko dugu. Erdietsiko dugu, aunitz eta kolore askotakoak baikara aitzina jarraitzea deliberatu dugunok. Eskuak biltzeko hautua egina dugulako jadanik. Mirakuluaren aurrerapen bat eginen dugu larunbat honetan bertan, Donostian, eskuen baso erraldoia irudikatuz. Udaberriaren maitaleen multzoa gorpuztuz, erakutsiz, aldarrikatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo