GARA > Idatzia > Kultura

Beñat Gaztelumendi eta tenplea gailendu dira Uztaritzeko plazan

Orain artekoen artean, puntu gehien pilatu dituen saioa izan zen atzokoa. Uztaritzeko plazan, tenplea nagusitu zen, batzuetan kasik txapelketaren itzala ez sumatzeraino. Gaztelumendi gailendu zen, saioko gazteena. Orain arte ezin omen zuen «Dragon Khan»era igo baina, behin igota, seguru gustua hartuko diola. Estiballesek ere saio bikaina josi zuen. Atzoko seikotetik lauk segurua daukate finalaurrekoetarako txartela. Muñoa eta Lagoma kanpoan geratu dira.

p049_f01_199x112.jpg

Amagoia MUJIKA |

Bai, azkenean lortu dute lehendabiziko saioan, Zestoakoan, jarritako puntuen langa gainditzea (Jone Uriaren 661,5 puntuak). Orain arteko saiorik puntuatuena izan zen Uztaritzekoa. Beñat Gaztelumendik lortu zuen puntu gehien, 669. Eta atzetik gertu jarraitu zion Arkaitz Estiballesek, 661 punturekin. Aitor Sarriegik (657) eta Xabi Payak (644,5) ere lortu zuten orain arte marraztuta zegoen puntuen marratxo hori gainditzea. Lau horiek, beraz, finalaurrekoetan izango dira. Atzetik koska handi samarra izan zen puntutan eta Unai Muñoak (615,5) eta Erika Lagomak (567) ezingo dute aurrera egin.

Saio polita izan zen, erritmo bizikoa eta maila onekoa. Plaza ere, beroa. Eta ia bertsolari guztiek sekulako tenplea erakutsi zuten. Eta benetan eskertu zuen bertsozaleak, igoal hortik pixka bat falta baitzitzaion txapelketari lehen txanpa honetan.

Agurretan bertan hasi zen gozamena. Agian ez dira pista oso fidagarriak agurrak, baina dagoeneko bertso onak entzuteko tenorean jartzen dute bertsozalea. Hitzordu askoko arratsaldea zen, eta bertsolari denek gogoratu zuten Donostiako manifestazioa. «Gaur Uztaritzen daukat gorputza baina Donostin bihotza» kantatu zuen, esaterako, Estiballesek. Unai Muñoak doinu berri bat atera zuen agurrerako, plurirrimoa, baina gero saioan zehar ez zuen gehiago erabili.

Zortziko handian Estiballes-Gaztelumendi bikotea hasi zen, indartsu. «Egunkaria»ko bi langile ohien paperean jarri zituen gai-jartzaileak. Ondo aritu ziren biak. Gerora ere saio guztian paretsu samar ibili ziren, eta azkenean Gaztelumendik kartzelakoan atera zion koskarik handiena, bai Estiballesi eta bai gainontzekoei ere.

Sarriegiren zortziko handia

Hala ere, zortziko handiko ariketan punturik gehien Aitor Sarriegik lortu zuen. Erika Lagomarekin aritu zen. Gauean, supermerkatuko atean topo egin zuten, zaborrontzitik janaria ateratzen. Sarriegi horrela hasi zen, «Paradoxa da zeuk esan dezu gure gizarte honena/ gizakiokin egiten dena hori ez al da krimena/ arroz hondar bat hiru patata da nik bildu dudan dena/ bizirauteko behar duguna guk askok botatzen dutena». Eta, hirugarrena ere, bikaina. «Haiek esaten digutenari Erika kendu arreta/ gaurko erronda bukatu dugu benga har dezagun buelta/ gaur eguneko jendilajea halakoxea da/ kontzientzia huts-hutsik eta zaborrontzia beteta».

Aitor Sarriegik oso saio polita josi zuen oro har, nahiz eta zortziko txikian nahastu samar ibili zen hasieran. Xabi Payarekin egokitu zen eta horrek zortziko txikikoa bikain josi zuen. Gaia ere pare-parera etorri zitzaion eta bertsozalea bereganatzea lortu zuen bere estilo hain propio horretan, bertsoa antzeztuz. Hauxe zuten gaia: arropa erostera joan zarete eta beti bezala desesperatuta iritsi zarete etxera. Aitorrek dena handi dauka eta Xabik, denak txiki. «Lehenbizi probatu dut L tallen saila/ gero XLa ez zen abantaila/ XXLak sartzea ere zaila/ noizko egingo dut XPren talla». Bigarrenean ere maila berean jarraitu zuen, «...kostata lortu dut bat osorik sartzea/ orain soilik falta zait arnasa hartzea», bukatu zuen bigarrena. Eta gauza polita gertatu zen, Payak azken puntua kantatu baino lehen kantatu baitzuten bertsozaleek. Eta, hirugarrena, berdin, oso ona; «...ni enago lodia ni nago sanoa/ nik soilik handia daukat metabolismoa», bukatu zuen. Asko algara batean jarri zituen Payak, bai esan zuenagatik eta bai esateko bere moduagatik ere.

Estiballesen ateraldia

Arkaitz Estiballes ere oso ondo aritu zen zortziko txikikoan Unai Muñoarekin. Muñoa autobus gidaria zen eta Estiballesek bidaia osoa egin zuen autobusean, eta ez zirudien handik jaisteko intentziorik zuenik. «Bilbora etorri gabe horrenbeste urte/ jo ze edifizio ta zenbat bertute/ alde bat ikusi dut euro baten truke/ bueltan beste aldea ikusi nahi nuke». Ateraldi bikaina. Puntuari erantzuten ere Estiballes izan zen onena.

Eta Muñoak ondo eutsi zion hamarrekoan Estiballesi. Egia esan Muñoak oso saio polita egin zuen. Hamarreko txikian, esaterako, Erika Lagomarekin aritu zen eta ale politak utzi zituzten. Haurra izan berri duen bikotearen paperean aritu ziren. Unaik Erikari lana uzteko eskatu zion, haurra zain zezan. Erika horrela hasi zen, «Zure proposamena daukagu mintzagai/ eta begietara begiratu Unai/ pentsatuta erantzun nahi nizuke lasai/ haurrarekin egongo naiz pozik ta alai/ baina nere bizitza ez nuke galdu nahi». Atzoko saioan tenplea izan bazen nagusi, Erika izan zen estuen aritu zena. Poto bat ere egin zuen eta bera sumatzen zen lotuen.

Eta, Muñoak, erantzun polita; «Badakit kontu hauek goxoak ez dia/ baina hain da polita ta hain da eztia/ emozioz masaila daukagu bustia/ gure kuttuna bada, gure eguzkia/ eman behar diogu daukagun guztia».

Esandakoa, kartzelakoan atera zuen Gaztelumendik abantaila handiena. Gaia, hauxe: sarraila aldatzera etorri dira. Oraintxe eman dizute giltza berria. Gaztelumendik hiru habanera oso eder josi zituen. «Haseran hartu ninduen erregina bat bezala/ gauero esaten zidan zinez maite ninduela/ baina maitasuna zena bilakatu zen krudela/ jada etzuen musukatzen/ nere masail hain ubela/ oraindik gogoratzen det/ odolez beteta gela/ behinola pentsatu nuen `ezin den segi horrela'/ nahiz ta ederki dakidan sarraila aldatu dutela/ oraindik iruditzen zait berriro sartuko dela», lehena. Eta beste biak ere, gordetzekoak.

Gaur, Zarautzen jarraituko du bertso festak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo