GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Bilboko X. Poesia Astea

Behin kostaldeko herrietan Bar Puerto bana izan zeneko... azken aztarna

Hamar urte bete ditu aurten Bilboko Poesia Asteak, baita Kirmen Uribek Mikel Urdangarin eta Josu Izagirre lagunekin batera sortu «Bar Puerto» ikuskizunak ere.

p048_f01_148x160.jpg

Anartz BILBAO I

Eta atzo, hamargarren urtemuga ospatzeko ikuskizun poetiko musikala berreskuratu eta beste behin eman zuten Bidebarrieta liburutegiko aretoan. Okasioak merezi zuela eta, atzokoan gainera Uribe eta Urdangarinek Bingen Mendizabal eta Nika Bitchiashvili izan zituzten ondoan oholtza gainean, ahotsa eta gitarrari arrabita soinuak gehitzeko.

Marinelak

«Bitartean heldu eskutik» olerki liburuarekin lehenengo eta «Bilbao-New York-Bilbao» nobelarekin gero, ospe ikaragarria lortu du Uribek eta lagunarte estu bat sortu Urdangarin, Mendizabal eta beste zenbait musikari eta artistekin. Eta guzti horren adibide da «Bar Puerto» ere, esandakoaren laginak biltzen ditu-eta: «Bitartean heldu eskutik» olerkiak ixten du ia ikuskizuna, «Txatxamatxalinatxu» kantutxoak ia ireki, eta irudietan ez ezik, arrantzale kontuak ere ez dira falta, lekukotza zein testuetan.

Ordubeteko ikuskizuna atsegina eta arina egiten da oso, diziplina ugari tartekatzen baititu. Kirmenen olerki fin eta Mikelen ahots gozoari Josuk grabatu lekukotzak tartekatzen zaizkio eta. Eta hauen bitartez, 1999ko abenduan behera bota zuten ondarrutar auzoko bizilagunak ezagutuko ditugu -herriko gaztetxe zaharra zegoen auzoa-, eta herri oso baten bizimodua antzeman, Gineatik arrantzara datorren Omar jatorraren ahotik, bost hamarkada aurrerago gauza bera egin zuten galiziarren oroimenetik edo itsaso urrutietan dabilen Unairen kontuetatik. Baita Urresti gudari ohi grinatsuaren, herriko kartzelan jaiotako Eliren edo lagunak hiesak jota galdu zituen Marianen ahotik ere.

Baina denborak ez ei du «beti neurri berbera izaten», eta hamar urte hauetan bizitzak ez ditu gutxi harritu «Bar Puerto» geroztik ere makina bat egitasmo elkarlanean eman dituzten protagonistak. Horregatik, lana bukatu eta zorionak jasota, artista koadrila parranda egitekoa zen atzo, Bilbon sakabanatutako azken portuko tabernetan, marinel zaharrak (arrantza garaietan) lehorreratzean bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo