GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Borja Barrague Calvo Eskubidearen Filosofiako ikerlaria (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa)

Zentzuaren kontra doan oinarrizko errenta

Ikuspegi errepublikar batetik, eskubide sozialak ezin dira karitate publiko zein pribatuarekin nahastu. Karitate publiko eta pribatua eskertzekoa den arren, hiritartasunaren kontzeptu errepublikar batekin bateraezina da, jasotzen duenaren duintasuna laidotzen baitu

Thomas Painek hurrengo behaketarekin ematen dio hasiera bere «Agrarian Justice» panfletoari: «Bizitza zibilizatuaren onurak babestea eta, aldi berean, sortu dituen kalteak konpontzea, horiek izan beharko lirateke legeria moderno baten helburu nagusiak». Hausnarketa hori 1797an plazaratutako «Common Sense and Other Writings» liburuan aurki daiteke. Klasikoak ez dira klasiko zahartzen ez direlako, ondo zahartzen direlako baizik. Izan ere, Paineren diskurtsoa egungo arazoak konpontzeko baliagarria izan daitekeela pentsatzen dugu.

Paineren iritzian, zibilizazio prozesuak ekarri duen kalterik latzena jabetza pribatuaren sistema da. Edo beste era batera esanda, oinordetza komunez jasotako lurraren desjabetzea. Abiapuntu horretatik, pobreen egoera hobetzeko argumentua honela jarraitzen du Painek: lantze lanen hobekuntzen balioa soilik da jabetza pribatuzkoa, eta ez lurra bera. Beraz, jabe pribatu bakoitzak lurrarengatik errenta bat zor dio komunitateari. Diru-sartze horiekin fondo nazional bat eraiki beharko litzateke. Azkenik, fondo horren bitartez, hiritar bakoitzak, txiro edo aberats, diru sarrera bat jasoko luke lurren desjabetzeek eragindako kalte-ordainak konpentsatzeko.

Sortu zenetik 200 urte baino gehiago pasa badira ere, Paineren proiektuak egun diseinatua dirudi. Eta ez bakarrik behartsuen egoera hobetzea premia larriko kontua delako oraindik ere -2008ko FOESSA txostenaren arabera, Espainian 8 milioi lagun inguru bizi dira pobrezia-mailaren azpitik (Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren %30)-, Paineren fondo nazionala inspiratzen duen diskurtso filosofikoa eta gure oinarrizko errentaren oinarrian aurkitzen dena bat eta berdina delako baizik.

200 urte baino gehiago pasa eta gero, 2000ko abenduaren 27an Eusko Legebiltzarrak aintzat hartu zuen Gizarte Eskubideen Agiria onesteko herri ekimenezko lege-proposamena, herritarrek aurkeztua eta, batez ere, lan-banaketari eta oinarrizko errentari buruzkoa zena; hala, 10/2000 Legea onartu zuen. Herri ekimen bidezko lege-proposamen horretatik Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legera doan bidean, ordea, oinarrizko errentaren oinarrian aurkitzen den Thomas Paineren txiroen aldeko argumentuaren muina galdu egin da.

Ikuspegi errepublikar batetik, eskubide sozialak ezin dira karitate publiko zein pribatuarekin nahastu. Karitate publiko eta pribatua eskertzekoa den arren, hiritartasunaren kontzeptu errepublikar batekin bateraezina da, jasotzen duenaren duintasuna laidotzen baitu. Pobrea izateagatik edo gaixo izateagatik laguntza behar izanez gero, nahiago dut laguntza hori hiritar bezala dudan eskubidearen aitorpenaren ondorioz etortzea lagun batek Jesukristori dion amorearengandik baino. Gaixorik egotea edo zaharra izatea ez da inoren errua, eta Estatu errepublikar bat, nahiz eta askok ez dakiten, ez da sozietate anonimo bat, pertsonen duintasuna errespetatzea helburu duen proiektu soziala baizik. Horrenbestez, hiritarren laguntza sozialaz arduratzea eta zeregin hori instituzio pribatuen esku ez uztea Estatu errepublikar baten zeregina da.

Hala ere, Gizarte Bazterketaren Aurkako 1998ko Legean sartutako San Pablo Apostoluaren printzipioa -«lana egiten ez duenak ez luke jan behar» dioena- guztiz berresten du Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko onartu berri den Legeak. Langabezia tasa altuagatik eta lan baldintzen prekarizazio prozesuarengatik bereizten den garai honetan, 2008ko Legeak gizarteratzeko tresna nagusiena lana dela kontsideratzen jarraitzen du. Baina erabaki hori ez da lehen begiratuan dirudien bezain ulergaitza.

Izan ere, ikuspegi errepublikar batetik behartsuei emandako laguntza pertsona guztien duintasunaren onarpenean oinarrituta eman eta eskubide sozialen izenean jasotzen den bitartean, eskema neoliberal batean laguntza hori karitatez eman eta San Pabloren izenean jasotzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo