GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskubide zibil eta politikoen defentsan batzeko unea dela aldarrikatu dute

p016_f02_097x096.jpg

Manex ALTUNA

Ezker abertzalearen kontrako makroprozesuetan auziperatutako hainbat lagunek agerraldia egin zuten atzo Bilbon eta, azpimarratu zutenez, eskubide zibil eta politikoen alde indarrak batzeko unea da bizitzen ari garena. Joan den larunbatean Donostian egindako manifestazio erraldoiak «bidea marrazten» duela esan zuten, baina «konpromiso berriak» hartzeko deia ere egin zuten.

Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren kontrako auzian epaitu eta absolbitu zuten Julen Arzuaga abokatua eta Udalbiltza auzian prozesatutako Maribi Ugarteburuk hartu zuten hitza eta, beraiekin batera, 18/98 auzian eta Jarrai, Haika eta Segiren kontrako epaiketan auziperatutakoak ere izan ziren. Joan den asteko polizia operazioan atxilotutako Amaia Esnalek ere parte hartu zuen agerraldian.

Arzuaga eta Ugarteburuk azaldu zutenez, eskubide zibil eta politikoen alde «dinamika konpartituak» antolatzeko momentua da, «herri honek jasaten dituen eraso iraunkorrak salatzeko eta erantzuteko unea».

Hurrengo asteetan Euskal Herriko eragile politiko, sindikal, sozial eta norbanakoekin bilerak egiteko asmoa dutela ere nabarmendu zuten, «konplizitatea bilatu» eta «parte hartze politiko zein sozialeko eskubideak bermatuko dituen herri harresi eraginkorra sortzeko».

«Eskandaluzko egoera»

Azken atxiloketa eta espetxeratzeak, gazte independentisten aurkako erasoak eta datozen hilabeteetan abiatuko diren «Egunkaria» eta Udalbiltzaren aurkako auziak aipatu ondoren, egoera «eskandaluzkoa» dela salatu zuten, «sumario, ebazpen eta murrizketekin adierazpen eta biltze eskubideak eragotziak izaten ari baitira».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo