Yllanesen epaiketan indarkeria matxista salatzeko eskatu dute Irunen
Asun Casasolak, Nagore Laffagen amak, hainbat emakume talderi egindako deiari erantzunez, Irungo Bilgune Feministako kideek epaiketa egunetan Iruñean biltzeko deia egin dute. Bestalde, Irunen bertan ere elkarretaratzera deitu dute azaroaren 7an indarkeria matxista salatzeko.
GARA
Azaroaren 2an hasiko da Iruñean Nagore Laffage irundar gaztearen ustezko hiltzaile Jose Diego Yllanesen aurkako epaiketa. Horregatik, Asun Casasola, neskaren ama, hainbat emakume talderekin bildu zen irailean emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako protesta Iruñeko epaiketara bertara eramateko eskatzeko. Hori horrela, Irungo Bilgune Feministak eskariari erantzun bikoitza eman dio. Alde batetik, elkarretaratzea deitu du azaroaren 7rako, 11.30etan, Irungo Zabaltza enparantzan. Bestetik, Udalak eta herriko hainbat auzo elkartek antolatu dituzten autobusetan izena eman eta Iruñea bertara joateko deia egin du.
Bilgune Feministako kideek emakumeen kontrako indarkeriari «mesprezu osoa» erakutsi nahi diotela azpimarratu zuten atzokoan. Hala ere, euren mezua ez dute epaiketan zentratu nahi, «gakoa ez baitago ondorioetan, prebentzioan baizik». Iruñean egongo direla berrestearekin batera, honakoa ere adierazi zuten: «Irunen, indarkeriaren iluntasunekin, argira egingo dugu salto».
«Ondorio larrienak»
Bide horretan, Asun Casasolak azken esfortzu bat egiteko eskatu eta epaiketa egunetan Iruñera joateko gonbita egin zuen. «Epaiketak iraun bitartean esku bat botatzea behar dugu, babesa behar dugu», adierazi zuen.
Bilgune Feministako kideek indarkeria matxista gizartean dagoen «arazo larrienetakoa» dela salatu zuten. Nagore Laffageren kasua eta maiatzean ustez bere bikotekide ohiak hil zuen Yasmin Zamira Rodriguezena «indarkeriaren ondorio larrienak» direla azaldu ostean, «egunerokoan izaten diren bortxaketak, zaplaztekoak eta isekak» ere gogora ekarri nahi izan zituzten.
Emakumeen aurkako indarkeriari «determinazioz» aurre egitea beharrezkoa dela nabarmentzearekin batera, bortxakeriaren sakoneko arazoa aurkitzeko eta berarekin amaitzeko beharrezko diren jokabide, jarrera eta tresnak abian jartzeko eskatu zieten erakundeei. «Hala ere, ez gara eskuak gurutzatuta zerura begira geldituko, eta erakundeek egiten ez dutena herritarrok egingo dugu», argitu zuten.
Horrez gain, datozen hilabeteetan «emakumeon espazioak» berreskuratu eta kaleak eurenak direla aldarrikatuko dute.
Indarkeria matxistari aurre egiteko, arazoaren erroetara jo eta behar diren jokabide, jarrera eta tresnak jartzeko eskaria egin zieten erakundeei.