GARA > Idatzia > Kultura

Sarrionandia izango da ikasturteko protagonista Literatura Eskolan

Duela zortzi urte Larrabetzun sortutako Literatura Eskolak seigarren urtea du gaur abiatuko duena, gero Euskal Herrian zehar hedatzeko. Parte hartze irekiarekin -«ateak zabalik daude beti», diote antolatzaileek-, eta iragan ikasturteko hizlari eta entzuleek proposatutako gaiak ahotan hartuta, aurtengo egitarauak Joseba Sarrionandiaren lanari modu berezi batean erreparatuko dio, 2010ean Iñaki Pikabearekin batera ihes egin zueneko 25. urtemuga betetzen da-eta.

p040_f01_199x104.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Literatura Eskolak ikasturte berri bati ekingo dio gaur, egitasmoko sortzaile nagusienetakoa izan zen Iñigo Aranbarrirekin. Azkoitiarrak «Denbora eta espazioa Joseba Sarrionandiaren obran» gaia landu zuen eskolako estreinaldian orain urte batzuk, eta iurretarraren saiakera izango du ahotan bihar.

Egun Gotzon Barandiaran larrabetzuarra dabil Literatura Eskolan buru-belarri murgilduta eta bere laguntza probestu dugu aurtengo egitarauari begiradatxoa emateko. Larrabetzun abiatuko den eskolak Baionan izango du segida, azaroaren 14an. Bertan, Ixabel Etxeberriak «Piarres Larzabalen antzerkigintza» izango du hizpide, gai horretaz tesia bukatu berri dauka-eta. Gotzonek adierazi digunez, «saiatzen gara genero guztiak ukitzen», eta azken urteetan antzerkigintzak badu bere tokia eskolan; «iaz, adibidez, Antton Lukuren lanaz hitz egin genuen».

Eta urtea bukatu aitzina, abenduaren 12an, «Narraziogintzan amaieraren garrantzia» gaia izango du Donostian hizpide Harkaitz Canok, «hizlari gisa ia urtero parte hartu duen idazleak». Izan ere, «aurreko urteetan landutako saioetan aurkitzen dira gai berriak sarri», eta donostiarrak berak zinema eta literatura aztertu zuenekoaren adar berri bat dugu honakoa.

Martxoan, narratiba

2010. urtea Gasteizen agurtuko dute eskolakideek, Patxi Zubizarretak «Mila gau eta bat gehiago: Xerezaderengandik Abdela Taiarengana» gaia landuko baitu bertan, orain hiru urte Josune Muñoz arabiar literaturaz -batez ere emakumeenaz- mintzatu zen moduan. Otsailean eta Bilbon, saio berezia prestatu da Otamendiren poesia aztertzeko, «eskolakideen aspaldiko asmoa». Ekitaldi erakargarrian, Imanol eta Joni Ubeda tolosarrek olerkarien musikatutako testuak abestuko dituzte, «Bide Ertzean taldean egin ohi duten legez» -«Zure minari» diskoa esaterako, oso-osorik Otamendiren poemez josia dago-.

Azken txanpan sartu aurretik, berriro ere Joseba Sarrionandiaren obran jarriko ditu begiak eskolak. Kasu honetan, narraziogintzan, «lan gehienetan editore izan duen Xabier Mendiguren Elizegiren laguntzarekin» eta iurretarraren etxetik gertu, Durangon.

Azkenaurreko saioa Itxaro Bordak gidatuko du, eta Allande Oihenart «poeta ikaragarri baina ahaztu samarra» izango du protagonista -Bilbo Zaharra Forumean eta Eako poesia egunetan ere landu zuen gaia lapurtarrak-. Eta azkena Iruñean emango dute, Jon Alonsoren gerizpean eta «Jose Saramago» gaia ardatz hartuta; portugaldar literatura ere jorratuko ei du, «aspaldiko eskaria hau ere». Alonsok itzulia du Saramagoren obraren bat edo beste, eta portugaldarra elkarrizketatzeko parada izan zuen gainera.

Iraganeko eta egungo idazleak, erdaratan zein euskaraz, antzerki, narratiba edo poesian; aukerarik bada Literatura Eskolan.

Martxoan Durangon eta ekainean... Literaturian?

Bateren batek pentsa dezake talde itxia dela Literatura Eskola, edo maila jasokoei zuzenduta dagoela, baina ez da horrela, dio Barandiaranek: «Ateak parez pare zabalik ditu edonork. Saio solte batean edo ikastaro osoan parte hartzeko aukera beti dago irekita» -komenigarria da www.literaturaeskola.org atarian izena ematea-.

Gainera, beti larunbat goizetan burutzen den eskola ibiltarian taldetxo polita sortua dago jada, gero elkarrekin bazkaltzeko gelditu ohi dena. «Bazkaloste horietako berbaldi luzeetan sortu dira egitasmo eta ideia berri asko, eta horrela bihurtu gara batzuk antolatzaile eta sortzaile ere», gogorarazi digu Barandiaranek.

Argitutako ideia eta egitasmo asko martxan dira gainera. Horrela, aurten eta martxoan, Literatura Eskolak Sarrionandiaren narraziogintza ahotan hartuko duenean, Plateruena, Berbaro eta San Agustin kulturgunearekin batera idazle iurretarrari aste oso bat eta ekitaldi ugari eskainiko zaizkio. Horrez gain, litekeena da hurrengo Eako poesia egunetan ere iheslaria izatea protagonista. Bestalde, Literatura Eskolak iragan urtean aurrenekoz ospatu zuen Literaturiarekin bukatuko du ikasturtea Larrabetzun, ekainaren 4, 5 eta 6an.

Agian Sarrionaindia bera ere bertaratuko da, batek daki. Hogeita bost urte eta gero, igarriko ote diogu?A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo