GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Julen Etxeberria Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kidea

Dena berdin, urtetarako, euskararen osasunean

Ez da oso azkarra izan behar, euskarak gaztelaniarekiko bizi duen egoera diglosikoa kontuan izanik, ikastetxe bateko langileria euskalduna ez bada, eremu horretan gaztelania nagusi izango dela jakiteko

Azkenaldi honetan maiz sumatzen dugu euskal irakaskuntzan Gobernu aldaketarekin ere denak berdin jarraitzen duenaren susmoa. Eta badira hainbat datu aipatu leloa ziurtatzen dutenak eta Sortzen-Ikasbatuaz elkartetik kezka handiz jarraitzen ditugunak. Hezkuntza publikoaren eremuan eta irakasleriari dagokionez, argitaratutako hainbat deialdiren ondorio ilunen beldur gara.

DBHrako oposaketak aurreikusten dira epe laburrean. 451 lanposturako deialdia egina dago jada eta, lehenengo bistadizo batean, argi ikus dezakegu bost lanpostuetatik bat baino gehiagotan lanpostua lortzen duenak ezingo dituela eskolak euskaraz eman, eskatutako hizkuntza eskakizunak ez dio-eta gaitasunik eskaintzen lan horretarako.

Are larriago deritzogu eskaintza publiko honetan Lanbide Heziketaz ari garenean. Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren 2007ko ebaluazioan jaso genuen bezala, jakina dugunean irakaskuntza arlo hau dela, hain zuzen ere, euskaraz eskolak emateko zailtasunik handienak aurkezten dituen eremua. Nahiz eta LHn hizkuntzen ikaskuntza ez izan helburu, ez du zentzurik ordura arteko ikasketak D ereduan egindakoek (multzo handia, beraz) bere ikasketak gaztelaniaz jarraitu beharrak.

Urteak dira lan mundua euskaratzearen garrantziaz mintzatzen ari garela euskararen normalizaziorako. Lan eremu hau oso zabala da eta funtsezko bilakatzen da hizkuntzaren, gure kasuan euskararen, transmititzaile eta bermatzaile gisa. Heziketa profesionala bukatu ondoren, lanean jardun beharko du urte luzez ikasle orok. Ikasketak gaztelaniaz egiteak ez dio laguntzen lanean euskara erabiltzeari. Jakina da, bestalde, hizkuntza bat erabiltzen ez bada, hila dela.

Ez da oso azkarra izan behar, euskarak gaztelaniarekiko bizi duen egoera diglosikoa kontuan izanik, ikastetxe bateko langileria euskalduna ez bada, eremu horretan gaztelania nagusi izango dela jakiteko. Euskararekiko hartutako neurriek erabilera ziurtatu behar dute, eta heziketa eremu honetan gaztelaniaren erabilera da ziurtatzen den bakarra, nahikoa baita elebakar bat euskararen erabilera baztertzeko.

2007-2008 ikasturterako euskara zikloen eskaintzari begiratzen badiogu, badirudi datuak okerrera besterik ez dutela egin EAEn. Datu hauek LHn ere hizkuntza politika aldaketa sakona beharrezkoa dela islatzen dute. Hona iazko ikasturterako heziketa zikloen eskaintza D ereduan: Araban %4,41, Bizkaian %7,96, Gipuzkoan % 27,78; guztira %14,85. Gure iritziz, eremu erdaldunenetan ez da hizkuntza eskakizun baxuenaren beharrik. Benetan egoerari buelta eman nahi badiogu, hor jarri behar ditugu indarrak.

Jarraian, irakaskuntza publikoko ordezkogaien zerrendak ireki direla-eta, gure kezka haserre bihurtzen da, zuzen-zuzenean: hizkuntza eskakizunik gabe ere zerrendetan izena emateko posibilitatea dago eremu askotan (ikus Hezkuntza Sailak banatutako «Ordezkogaien zerrendak irekitzea ikastetxe publikoetan» txostena). Etsipena da nagusi irakurritakoaren aurrean. Zeinen burutan sartzen da zonalde bateko irakaskuntza publikoan lan egiteko zonalde horretako hizkuntza ofizialetako bat menderatu beharrik ez izatea?

Bukatzeko, A ereduaren jarraipena ziurtatua zegoela adierazi zuen Hezkuntza sailburuak, Isabel Celaak, duela gutxi. Langileak, behintzat, bermatuak izango ditu aurrekoari so egiten badiogu.

Ondorio horiek, bistan dago, urtetarako hipotekatzen jarrai dezakete irakaskuntza euskalduna. Ez dira, bada, oraingoan ere, aipatu euskal irakaskuntzarentzat garairik onenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo