GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xabier Etxaniz Rojo 2009/10/21

Ez da txantxa

berria

Gaurkoan Donostiako manifestazioaz hitz egin nahi nuen, baina nire abokatuaren aholkuari jaramon egitea erabaki dut eta ez dut egingo. Izan ere, kolaborazio hitzaren esanahiak marrubizko txikle baten malgutasuna duen garaiotan hobe da horrelako saltsatan ez sartzea. Gainera, lehengo batean oroitu nintzen ezen behin, liburu baten aurkezpenean nengoela, Arnaldo Otegi nire atzeko eserlekuan eseri zela eta badakizue zer-nolako garrantzia ematen dioten Espainiako epaileek xehetasun txikiei...

Ederki, ba... Donostiakoaz ez dut txintik esango, ez... baina Madrilgoari helduko diot.

Kontua da sekulako jendetza atera zela kalera abortuaren legeari, eta, bide batez, Zapateroari ostiak -barkatu, egurra- emateko asmoz. Apezpikuen eta Familiaren Foroaren esanetan, bi miloi lagun bildu ziren. Bi miloi, jaun-andreok!

Zifra entzun bezain pronto, galdera batek kolpatu zidan burua. Bi miloi lagun... ez al dira gehiegi...? Eta jarraian, beste galdera batek egin zidan bisita... Inork ba al daki zer erretzen duten Familiaren Forokoek? Tabakoa ez, hori argi eta garbi dago. Ez dakit zer den baina arriskutsua behar du nahita ez.

Gainera, jakin dudanez, 55.316 lagun izan ziren manifestazioan (Lynce izeneko enpresaren teknologiak banan-banan zenbatzen omen ditu manifestariak) baina datua ezagutzeak lasaitu barik nire ezinegona areagotzen du.

Izan ere, gaia ez baita txantxetakoa. Nik, behinik behin, sekulako beldurra diet droga ezezagunei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo