Juan Mari Arregi
Gosea eta gastu militarra
argia
Joan den larunbatean Gosea Desagerrarazteko Naziorteko Eguna izan zen, NBEk antolatuta. (...)
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) esan zuen goseak mehatxatutakoen kopurua 963 milioitik 1.200 milioira igaro dela urte bakarrean, horietatik gehienak haurrak eta emakumeak. UNICEF eta Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, hiltzen diren bost haurretatik bat -urtean 1,5 milioi- diarreagatik hiltzen da. Hau da, hiesak, malariak eta elgorriak hirurek batera baino haur gehiago hiltzen ditu beherakoak. Euskal Herrian, berriz, txirotasunak 500.000 lagun kolpatzen ditu, hileko 1.000 eurotan dagoen pobreziaren mailatik behera bizi baitira baliabiderik gabe.
Gauzak horrela, desagerrarazi al liteke gosea eta pobrezia, eta ondorioz, gaixotasun batzuk? Natur baliabideak eta bitarteko tekniko nahiz ekonomikoak egon badaude munduan orban hori eragozteko. Borondate politikoa baino ez da falta. Hirugarren munduko herrialdeak eta garapen bidean daudenak egoera horretatik atera litezke familia-nekazaritzaren aldeko apustu garbia egiten badute.
Hala ere, garatutako herrialdeek murriztu egin dute herrialde behartsu horiei emandako babesa, krisiak krisi, gastu militarra handitzen doan bitartean. Urtero, ELGA (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea) barruan dauden herrialdeei 365.000 milioi dolar ematen zaizkie nekazaritzarako, eta gastu militarra, berriz, bilioi bat dolarrekoa da (1.340.000 milioi). Euskal Herrian, administrazioek ere egin dezakete gehiago aberastasunaren birbanaketa justuagoaren alde: iruzur fiskala pertsegituz, aberatsei zerga handiagoak jarriz eta gastu publiko desegokiak ezabatuz.