Julen MURGOITIO
Herrixka harena gogoan
Urtemuga bi dira egunotan ospatzekoak. Bata gertua, zirraragarria, Asterix eta Obelixen herrixkak 50 urte betetzen duenekoa. Bai erreferentea gero, herrixka hartako eta harena! Estatuari aurre egiteko moduaren eraginkortasunean, neurriko biolentzia jatorrean erreferente. Estatuaren eskusartzeari aurre egiteko orduan herrixkan guztiok bat; tira, gehienok behintzat, harrotasunez. Baina herrixka bera barrutik ordenatzean elkarri zaplastakoka erdiko plazan, batzuk harrokeriaz ere, arrainak berak airetik zebiltzala, eta herritar batzuk zuhaitzen gainean. Momentuz azken hau da hemengo subiranisten herrixkan ikusgarrien duguna, lagun batzuk lur-ama adarretatik babesten dagozela, arrainetan ezer gutxi dago eta, kostako herrixka bagara ere. Hurbila gero herrixka horrena! Zein da beste urtemuga? Bai, gogora ekarri dut. Urruna zait eta! Herrixka honen auzo batzuetako Estatutua jaioarazi zutenekoa. Orduko hartan ganorazko abortu lege bat indarrean izan balitz jaio barik geratuko zatekeen Estatutua, lur-amaren osasuna lehenetsita. Orain ordu batzuk 30 urte egin berria, eta hauxe kolpea!, oraindik ere adinez nagusi izan ez arren, guraso jagoleek edadetuen egoitzan dute alokairuan. Estatutua hilda dagoela aldarrikatu zuten aspaldian herrixka honetako plaza zabal batetik, egunotan lagun batzuk zuhaitzen gainean ikusi dituen plazatik, eta beharbada horrelaxe da, baina poeta andaluziarrarena gogoan: hildako hau osasun onekoa da. Estatutu hori ez dago hilda gaur gaurkoz, hiltzeko zorian denbora luzeegia mantendu arren, modu transgenikoen bidez etengabe lagundutako arnasketan mantendu ere. Oraindik arnasa egiten duen seinalerik mingarriena haren denbora bera espetxean mantentzen duten preso zornotzarra dugu, kasurako. Asterix eta Obelixen herrixkaren dinamikotasuna gogoan, berriro ere! Eta herrixka hartako arrainak ere! Hortaz, Indiako ozeanoko atunontzietan gerra-armak dituzten segurtasun pribatukoak joatea adostu berri dute. Ez dakit zergatik jelkideek ez duten proposatu, estatutua estatutu, Berroziko bereziek hartzea ardura hori, armada estatutariorik ezean. Nahikoa lukete horiei esatea hango piratak ahuntzez jantzita dabiltzala, eta bat behintzat ez akabatzea, beheko Estatuaren Legioak behar izan lezakeelakoan. Portzierto, puntuekin zigortuko ote ditu Europako Batasunak han botatako tiroak, lizentzia kendu arte?