GARA > Idatzia > Kultura

Agustin Xahori ohorezko agurra eskaini diote Baionan, musika eta hitza uztartu dituen ekitaldian

Ezkerreko ideiak eta abertzaletasuna defendatu izanagatik, omenaldia eskaini nahi izan diote xiberotarrari. Hiru hizlariekin bat, Jean Mixel Bedaxagar abeslaria eta Arriaga Bandako musika izan ziren.

p048_f02_148x92.jpg

Kazeta.info | BAIONA

Atharratzen sortu zen Agusti Xaho idazle, kazetari eta politikariak omenaldi beroa jaso du asteburu honetan. Ostiralean, Fermin Arkotxa Baionako Euskal Museoan egon zen xiberotarrak emandako pausoak ezagutarazteko. Atzo, berriz, Baionako Saint Leon hilerrian izan zen hitzordua, omenaldi ekitaldia ospatzeko asmoz.

Goizeko 11ak aldera hasi zen ekitaldiko hasieran Txomin Peillen, Vianney Cier eta Fermin Arkotxak hitza hartu zuten Xahoren bizitzari atzera begirada eskaintzeko. Osagarri hunkigarria gehitu zion, bestalde, Jean Mixel Bedaxagarrek eskainitako kantuak. Arriaga Bandaren musikariak, azkenik, han izan ziren «ekimenari alaitasun sorta baten ekarrarazteko», antolatzaileen hitzetan.

Bizitza laburra baina oparoa

Gazte zendu bazen ere, mugimendu handiko bizia eraman zuen Xahok. 1811n Atharratzen sortu eta 1858an Baionan zendu zen. Lehen ikasketak Oloronen eta Pauen egin ondoren Parisera joan zen; Zuzenbide ikasketetan eta ekialdeko hizkuntzetan berezitu zen. «Sormen handiko gizona, jakin-min intelektual asegaitzekoa, libre pentsalaria eta izpiritu kritikoz jantzia, luze gabe azaleratu zituen bere antiklerikalismo suharra eta ideia errepublikazaleak, baita esoterismoak sortzen zion erakargarritasuna azaldu ere», nabarmendu dute omenaldiaren antolatzaileek.

Horrez gain, Euskal Herriaren nazio ikuspegia zeukan gizona zen. Izan ere, 1835ean Hego Euskal Herrira jo zuen Lehen Gerra Karlistan ari ziren gudulariekin topo egiteko asmoz. 1848ko Baionako altxamendu errepublikazalearen buru izan zen eta, ondoren, Pirinio Behereak departamenduko kontseilari nagusi (1849- 1851). Bidasoaren bi aldeetako euskaldunen batasun politikoa galdegin zuen lehenetarikoa dugu xiberotarra. Bere denboran, Okzitaniako Tolosa herrian aldizkari bat sortu zuen, ezkerreko ideiak hedatzen zituena. Liburu franko idatzi zituen, euskaraz zein frantsesez; ezagunenetakoa «Voyage en Navarre pendant l'insurrection des Basques (1830-1835)» da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo