ACB Ligaren laugarren jardunaldia
Miraria edo Inuzente eguneko txantxa bat zen ikusi beharko
Obradoiroren eta Manresaren aurka zuzendu nahiko dute Baskoniak eta Bilbao Basketek beren aste okerra. Hondarribia-Irunek helburu bera darama Gironara.
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Joan den abenduaren 28an Illunben gertaturikoa ez zen txantxetakoa izan. Edo bai... Luzapenean sarturik, Thomas Kelatik bi puntuko abantaila eman zion Unicajari partida amaitzeko hiru segundoren faltan. Orduan Bernard Hopkinsek partida amaierako txirrinarekin batera hiruko jaurtiketa bota... eta garaipenaren saskiratzea lortu zuen! Jendearen jauziek eraginda Illunbe orduko hartan Anoetaraino jaitsi ez bazen, nekez egingo du. Hura bai miraria! Edo Inuzente eguneko txantxa?
Inork ez zuen partida hura gipuzkoarrek irabaz zezaketenik pentsatu ere egiten. Atera kontuak, Aito Garcia Renesesek zuzenduriko taldea zegoela aurrean, tartean Cabezas, Kelati, Haislip... bezalako jokalariak zituela. Gaur ere hala gertatuko ote da? Pablo Lasoren mutilak 18.00etan hasiko den partidari begira -argi ordu aldaketarekin!- motibaturik ei daude iazko balentria errepikatzeko. Horien artean Rai Lopez antolatzailea. Unicajak Lagun Aro Gipuzkoa Basketi utzitako jokalaria maila ona ematen ari da liga hasieran. Horrez gain, joan den asteburuan garaipena lortu ostean, konfiantzaz gainezka ageri da Malagako mutila.
«Partida hau oso berezia da, nire betiko klubaren aurka jokatu behar dudalako. Baina arrazoi horregatik hain zuzen, ilusio berezia egingo lidake neurketa hau irabazteak». Rai Lopezek ez daki, ordea, Inuzente egunerako oraindik bi hilabete falta direla.
Okerrak zuzentzen
Aste hau oso eskasa izan da euskal saskibaloiarentzat. Hiru partida eta hiru porrot. Europako lehiaketetan Bizkaia Bilbao Basketek eta Caja Laboral Baskoniak sekulako belarrondokoak jaso dituzte, Ukrainia eta Italian hurrenez hurren. Emakumeen Ligan, aldiz, ezustean sekulako muturrekoa jaso zuen Hondarribia-Irunek Soller Joventuten aurka. Bada, okerrok zuzentzen badago nahiko lan hiru euskal taldeentzat.
Gasteiztarrek dute lanik xamurrena printzipioz. Obradoiro -Xacobeo Blu:Sens, alegia- da Ivanovicen mutilen aurkaria. Eguerdian, 12.30etan, Lottomaticaren aurkako porrota mendekatzea bilatuko dute. Kontuz ibil daitezela, dena den, arabarrak, Obradoirok oso txukun jokatu baitu orain arte. Argi Marc Jacksonekin batez ere.
Lan zailagoak ditu Bizkaia Bilbao Basketek Manresan, Chris Warrenen berragerpen egunean. Jaume Ponsarnauren mutilak ia ukiezinak dira Nou Congost kantxan. Iaz bertan, esaterako, egurra jaso zuten Vidorretarenek: 75-55 eta burumakur etxera. Ez dadila errepikatu.
Hondarribia Irunek ere Katalunian, Gironan kasu honetan, du hitzordua, 18.00etatik aurrera. Girona igo berria da eta talde izugarri gaztea dauka. Ikasiko al zuten Joan Albert Cuadraten neskek joan den asteazkenean egindako akatsetatik?!
Kelatiren saskiratzearen ostean penatan ziren Illunbeko ikusleak, Unicajari irabazteko galduriko aukera zela-eta. Inor gutxik usteko zuen azken segundoan Hopkinsek hiruko miragarri hura gauzatuko zuenik!
Aste erdian jokaturiko hiru partidetatik bat bera ez dute irabazi euskal taldeek. Bada, mendekua hartzeko aukera izango dute Baskoniak, Bilbao Basketek eta Hondarribia-Irunek, baldin eta akatsetatik ezer ikasi badute.