Deiadar manifestazioa Baionan
Euskarak lege egokia behar duela aldarrikatu dute milaka lagunek
Milaka lagun elkartu ziren atzo Baionan euskarak lege egokia izan dezan. Parisko Gobernuak legea beharrezkoa ote den ere zalantzan jarri du azken garaian eta horrek aipamen berezia izan zuen atzoko hitz-hartzeetan, manifestazio amaierako ekitaldian. Jende andana bildu zen ofizialtasunaren alde Lapurdiko hiriburuko karriketan, eta asko eta asko haurrak eta gazteak ziren, euskaraz ikasten duten ikasleak.
Iñaki ALTUNA | BAIONA
Deiadar manifestazioa izan zen atzo Baionan, seigarrena 1989an lehenengoa egin zenetik. Eta atzokoan ere jende andana bildu zen; 5.000 lagunetik gora izan zirela esan zuten antolatzaileek eta 3.800 polizi iturriek. Bigarren asteburuz jarraian manifestazio jendetsua izan zen Lapurdiko hiriburuan, aurrekoan AHTren kontrakoa egin baitzuten. Hura handiagoa izan zen, baina ez askoz handiagoa. Mila bat lagun gehiago. Kontua da ordukoan gehitxo puztu zela jende kopurua, Poliziak 9.600 pertsonako kopurua eman eta gero. Aldarrikapen haren alde hautetsi eta ordezkari politiko gehiago bildu ziren eta, beharbada, horrek eragina izan zuen Poliziaren kontaketan. Dena dela, handiak biak, oso handiak, azken urteotan Ipar Euskal Herrian zenbait aldarrikapen eta borroka asko indartu direnaren seinale.
Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolaturiko euskararen ezagutza ofizialaren aldeko manifestazioak 17.00etan zuen hitzordua, Kontseilu Nagusiaren aurrean dagoen Xaho kaitik irteteko. Halako mobilizazioetan ohi denez, beranduxeago irten zen. Buruan sei bat haurrek kometa bana zeramaten eskuetan, «Bete hitza, euskarari lege geriza» leloarekin. Ondoren, manifestazio buruko pankarta nagusia, Konfederazioaren eta Kontseiluaren hainbat kideren eskuetan. «Euskarari lege geriza. Ofizialtasuna», zioen pankartak. Atzean, makilez altxatuta, frantsesezko bertsioa: «Un cadre legal pour une politique linguistique audacieuse. Co-officialité pour la langue basque». Euskaraz, «ofizialtasuna»; frantsesez, «co-officialité». Ñabardurak ba omen du arrazoiren bat, mezuaren hartzailearen arabera-edo. Edonola ere, euskarak lege egoki bat behar duela eskatzen zuten denek.
Manifestazioa koloretsua eta alaia izan zen: bi furgoneta megafoniarekin leloak zabalduz -«Lege bat euskararentzat», «Euskararentzat hitza bete eta kitto» eta «Euskaraz mintza, euskaraz bizi» izan ziren oihukatuenetakoak-, txaranga bat eta pankarta asko -besteak beste, Hiru Saretakoa, zenbait ikastoletakoak eta baita hautetsiena ere-. Hautetsien artean, bat zen aipagarri: Max Brisson. Kontseilari nagusi gisa zegoen manifestazioan, hala iragarri zuen berak. Brisson Estatuak sortutako Euskararen Erakunde Publikoaren burua era bada, baina ez zen kargu horri lotuta joan mobilizaziora. Bestela, bere buruari egingo lioke protesta. Biarritzen auzapeza izateko lehiakide duen Michel Veunac -hiriko auzapezordea- ere izan zen manifestazioan, eta Brisson baino gehiago dela erakusteko-edo, bera ofizialtasunaren alde dagoela esan zien atzo kazetariei.
Baionako bi auzapezordeak ere -Martine Bisauta eta Jean-Rene Etchegaray- bertan ziren. Ostiralean, Jean Grenet Baionako auzapezak eta diputatuak François Fillon lehen ministroari bidalitako gutunaren berri eman zuen. Deiadar manifestaldiaren bezperan jakinarazi zuenez, gutunean hizkuntz legea egiteko agindua bete dezala eskatu dio.
Familia politiko guztietako hautetsiak izan ziren, baina, nagusiki, abertzaleak, eta horien artean alkate batzuk. Ainhoakoa, adibidez. Hautetsi abertzaleak hautetsien pankartaren atzean eta manifestazio osoan zehar zeuden barreiaturik. Brisson ez zen izan kontseilari nagusi bakarra. Bertan ziren PSko Christophe Martin eta Jerome Aguerre, baita Monique Larran-Lange eta Alain Iriart ere. Akitania eskualdeko bi kontseilarik ere parte hartu zuten euskararen aldeko ekimenean: Sylviane Alaux (PS) eta Jean Lissar (Berdeak).
Okzitaniatik iritsitako mezua
Manifestazioa hasitako lekuan amaitu zen, Baionako kale nagusietatik igaro eta gero. Oltza gaineko ekitaldiari bertsolariek eman zioten hasiera. Segidan, Mixel Oronos Euskal Konfederazioaren lehendakariak hartu zuen hitza, eta agintari frantsesei mezua bidali zien: «Hitza hitz, Sarkozy Jauna. Hitza hitz, Fillon jauna. Euskararen egoerak ez dezake onar bi urrats aitzina egitea eta bat gibelera. Euskara ez duzue lastoz beteko eta erakustoki batean zintzilik ezarriko. Ez, euskaldunak ez gaituzue museo handi bateko kaiola batean sartuko. Ofizialtasuna behar dugu».
Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak hitza hartu aurretik okzitaniarren mezua irakurri zen. Izan ere, atzo okzitanierarentzat legea eskatzeko manifestazioa egin zuten Carcasonnen, bi urtetik behin egiten duten moduan. Deiadar ekimenak berariaz aukeratu zuen atzoko eguna egun berean manifestazioa egiteko. Poliziaren arabera 18.000 pertsona bildu zen Carcasonnen; 25.000 antolatzaileen arabera. Okzitanieraren aldekoa eta euskararen aldekoa, biak ala biak, borroka bera direla zioen handik etorritako mezuak.
Peio eta Pantxoaren kanta batekin ekitaldia amaitu aurretik, Mendigurenek Parisek legea egiteko hitza eman bai, baina Kultura Ministeriotik legearen beharra kolokan jarri berri dutela gogorarazi zuen. «Gaur ozen aldarrikatu dugu hitza bete dezatela, gure eskakizunak behingoz errespeta ditzatela». Mendigurenen hitzetan, «euskarak estatusa eta lege egokia behar ditu, euskararen normalizazio osoa lortzera heltzeko».
Max Brison kontseilari nagusi gisa izan zen manifestazioan, ez Euskararen Erakunde Publikoaren buru moduan. Hala izanez gero, bere buruari egingo baitzion protesta.
Poliziak 3.800 manifestari zenbatu zituen; antolatzaileek, berriz, 5.000tik gora. Aurreko asteko manifestazioa, AHTren kontrakoa, handixeagoa izan zen. Parte hartze handiek aldarrikapen hauek hartu duten indarra erakutsi dute.
Ipar Euskal Herriko elkartea den Euskararen Konfederazioak eta nazio mailakoa den Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu zuten ekitaldia. Mugaz bi aldeetako euskaltzaleek hartu zuten parte mobilizazioan.