Amuriza aurrera, baita Paia, Martin eta Enbeita ere
Kalkulagailuen eta urduritasunen arratsaldea izan zen atzokoa Laudion. Azken final-laurdenean batzuk errusiar mendiaren bagoira igo eta beste batzuk bertan gelditu behar izan zuten. Atzoko sei protagonistak ez ziren kikildu, ordea, eta saio polita osatu zuten. Berrizko Miren Amuriza izan zen atzokoan onena eta txalotuena, baina ez zen saria jasotzen bakarra izan. Fredi Paia, Jon Martin eta Onintza Enbeita ere finalerdietan izango dira.
Ane ARRUTI | LAUDIO
Hitzak josteko abilezia eta kantatzeko ahots eta jarrera dotorea. Bien arteko baturak eta 19 urteko gazte bizkaitarraren ateraldiek jaso zituzten atzo Laudion txalo eta puntu gehien. Miren Amuriza izan zen arratsaldeko bertsoaldi onenetako protagonista eta berak eragin zuen Laudioraino gerturatutako bertsozaleen artean algara gehien.
Saioko bigarrenarekin, Fredi Paiarekin, egin zuen bertsoaldi bikainena, hamarreko txikian. 151 puntu eman zizkioten epaileek hiru bertso horiengatik. Biak nor baino nor aritu ziren, erantzun onei hobeagoak emanez. «Miren, bost urte daramatzazu zahar etxe batean bizitzen. Fredik gaur du lehenengo eguna eta zure gela berean jarri dute», izan zen Lierni Altunak jarritako gaia. «Etorri zarenetik nago askoz pozago/ txoriei hitz egiten gogaituta nago», esan zion Amurizak. «Faltan botako duzu txori eta kanta/ gaur ekarri dizute pajaro galanta», Paiaren erantzuna. «Gauez erromeria dugunez helburu/ `Pajaritos' dantzatzen ikasiko dugu», Amurizak. Viagraren kontua atera zion gero Fredik, «txoritxoa ekarri duzu antza tinko/ (...)/ ta bihurtuko zaitut berriro mutiko/ viagraren beharrik ez duzu edukiko», esanez bukatu zuen amonak.
Zortziko txikian, berriz, Jon Martin izan zen puntu gehien eskuratu zituena, Amurizarekin batera egindako saioan, hain zuzen. Jonen etxean aspaldiko partez afaltzen ari direla, komunera joan da mutila eta bueltan han non topatu duen Miren sofan erdi biluzik. Berogailua apropos jartzea egotzi zion emakumeak. Martinek, berriz, «zu biluztea horren errexa badago/ oraindik igoko dut gradu bat gehiago». Ondotik Amurizak: «Plastikozko saltxitxak ta sobreko salda/ postrea afaria baino hobea izango al da». Bien arteko kimika bertan behera gelditu zen, ordea: «Tartarik goxoena hori da Jon Martin/ badaukat nahiko nata ta nahikoa gurin/ muxuka hasi natzaizu goxo eta ezin/ akordatu naiz eta zure aitarekin».
Zortziko txikian Xamoak eta Izagirrek ere utzi zituzten ale politak. Tenerifera joanda, Xamoa erre-erre eginda, Izagirrek krema emateko behin eta berriz errepikatu arren. Honakoa Izagirreren lehenengo bertsoaren bukaera: «Zer moduz Tenerife? erantzuna baten/ bueno ba, enfermerak, jatorrak zeuzkaten». Xamoak positibo begiratu zion bizitzari: «Biziberritzea zen gure arazoa/ ta azal berritzea da lehenengo pausoa».
Enbeita eta Paia
Puntuari erantzuten Onintza Enbeita ederki moldatu zen. «Pasatuko al zara hurrengo fasera», galdetu zioten puntuan. «Neuk ere galdetu dut sarri gauza bera/ erantzuna zaila da, okerra gainera/ amaieran etorri hori galdetzera», abestu zuen -eta erantzuna baiezkoa izan zen azkenean-.
Fredi Paia ere erraz aritu zen, hurrengo puntuetan proposatuko ziotenari ere aurreratuz. «Baskonia taldea Europan onena», puntuari honela erantzun zion: «Enaiz oso zalea da nire problema/ euskaldun gabekoa ta euskaldunena/ baina bere alde gaude familia dena». Eta, ondoren, honakoa izan zen azken puntua: «Euskaldunak ez dira taldean gehiegi». Abileziaz eta umorez, erantzuna: «Hori esanez, hain zuzen, ibili da Fredi».
Kartzelako lanean, bide bertsua hartu zuten sei bertsolarietatik lauk. «Mila aldiz pentsatu izan duzu ez duzula gehiago gezurrik esango, baina berriro esan duzu», izan zen guztientzat gaia. Bikoteari adarrak jarrita ezkutuka aritu ziren gehienak. Amuriza, langabezian gelditutako amaren paperean, alaba ez mintzeko gezurretan aritu zen. Iñigo Izagirrek, berriz, eskrupulorik gabeko politikari baten ahotik hitz egin zuen. «Korbata erdi laxatua ta esku baten maletina/ hori da eguna bukatu eta dakarkidan imajina/ etxean dagon nere andrea garai bateko erregina/ ni oso urrun egonda ere ondo bizitzen dakina/ zalantzik gabe maite zaitut bat botea diot jakina/ gaur esan dudan beste gezur bat baina gezurrik txikina», izan zen bere hirugarren bertsoa.
Finalerdietara aurrera egin dutenak, beraz, Jone Uria, Etxahun Lekue, Iñaki Zelaia, Beñat Gaztelumendi, Iker Zubeldia eta Miren Amurizaz gain, Arkaitz Estiballes, Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Fredi Paia, Xabier Paya, Iñaki Gurrutxaga, Julio Soto, Jon Martin, Maddalen Arzallus, Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeita izan dira.