GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Biarritzek zekarren abiadura erabat moteldu da Tolosan

Talde zuri-gorriak hasiera ona eman zion neurketari, etxekoen pare aritu zen Tolosaren lehen entsegura bitarte, baina hortik aurrera behera egin zuen.

p044_f01.jpg

STADE TOULOSAIN 23

BIARRITZ 3

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Tolosan eman dio amaiera Biarritzek bere bolada eta joko onari. Atzo lapurtarrek ez zuten eman azkenaldian ematen ari ziren itxura, eta Satadek ez zuen barkatu: partida irabazi eta Biarritzi gain hartu dio.

Partida handi horietakoa zen atzo Tolosan jokatu zena. Bi taldeek asko zuten jokoan, denboraldi amaieran lehen lauetan sartzeko aukera asko dituzten bi talde baitira. Azkenean, horrelakoetan gertatzen dena gertatu zen: jokoa ez zen ikusgarria izan, eta huts gutxien egin zituenak eraman zuen garaipena, eta hori etxeko taldea izan zen.

Hasiera ona

Hasiera ona izan zuen norgehiagokak Biarritzentzat, aurkariaren parean aritu baitzen, eta, batzuetan, baita hobeto ere. Michalakek aitzineratu zituen etxekoak zigor kolpe bati esker, baina berehala Yachvilik gauzak lehenean utzi zituen. Bazirudien partida hortik joango zela.

Norgehiagoka, ordea, lehen zatiko azkeneko bost minutuetan apurtu zen. Clercek entsegua egin zuen eta Michalakek ez zuen barkatu ondorengo transformazioan, eta horrek min handia egin zion talde lapurtarrari.

Atsedenaldian gauzak konpontzen saiatuko ziren, baina bigarren zatian euskaldunak ez ziren ikusi ere egin. Stadek izan zuen baloiaren jabetza, eta partida nahi bezala kontrolatu zuen; hortaz, amaieran ongi merezitako garaipena lortu zuen. Horrelakoetan gutxienez puntu gehigarria lortzea ona izaten da, baina atzokoan Biarritzek ez zuen horretarako ere inolako aukerarik izan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo