Erabakitzeko eskubidea
Iragan urriaren 17an bi manifestazio egin ziren, bata Donostian eta bestea Madrilen. Egun berean egin izana da kointzidentzia bakarra. Lehenengoan, jendetsua eta bateratua, askatasuna, demokrazia, ideia guztiekiko errespetua eta Estatuak ez dezala Euskal Herriko zeregin politikoan eskua sartu aldarrikatu zen. Madrilgoan, antolatzaileek diotena baino askoz ere jende gutxiago bilduta, justu kontrako xedea zeukaten. Emakumeoi erabakitzeko askatasuna ukatzea, Eliza katolikoaren esku-hartze eta presioa Sexu eta Ugalketa Osasuneko eta Haurdunaldia Borondatez Eteteko Lege Proiektuaren aurka, herritarron askatasun kuotak murriztea.
Eskuinaren eta hierarkia katolikoaren ustez, «biziaren babesa» funtsezkoa da -bizia ote den oraindik ez dakigunean-, baina gehien kezkatzen dituena amaren eskubideekin lotzen dela da. Antza denez, emakumeok geure sexu eta ugalketa osasunari dagozkion eskubideak bereganatu ahal izatea, edo ama noiz izan nahi dugun erabaki ahal izatea, gainerako gizakien kontrako atentatua da. Ohartarazi egiten dute geure erabakia dela medio izugarri eta larritzeko moduan egingo duela behera jaiotze-tasak eta, gainera, lizunkeriak sakonki ustelduko gaituela barrutik, geure gorputza sexu gozamenerako aldarrikatzen dugun heinean.
Lege hau onartzearen kontra daudenek «saldu» nahi duten mezuaren mamia, onartzen denetik emakumeak haurdunaldia etetera ia behartuta egongo direla da. Ez dute haurdunaldia etetearen gaia emakume bakoitzaren eskubide pertsonal modura onartzen; aitzitik, ukatu egiten dute. Onartuko den testua bertan behera geratzeko oihukatzen dutenean, emakumeak, berriro ere, babesgabetasun juridiko egoeran utz gaitzaten eskatzen ari dira, geure gorputzaren gaineko geure erabakiak hartzeko eskubiderik gabe eta, horrenbestez, ama izan nahi dugun ala ez erabakitzeko ahalmenik gabe. Era berean, adingabeak bagina bezala tratatzen jarrai gaitzaten eskatzen dute, eta Kode Penala izan dadila geure bizitzako zenbait aspektu ebatziko dituena. Gainera, hiru suposizio baino ez dira despenalizatu, eurek ezarritako epeen barruan betiere; hori gutxi balitz, aintzat izan gabe azken hogei urteotako bilakaera sozial eta pertsonala.
Ahoa betetzen zaie bizia, duintasuna, maitasuna eta halako hitzekin, baina nik galdetzen diot neure buruari zer bizitza espero dezakeen nahi izan ez den haur batek, bere familiak duintasunez mantentzerik izan ez duen haur batek. Edo zer bizitza espero dezakeen hamasei edo hamazazpi urteko nerabe batek, baita gazteagoa ere, nahi izan gabe haurdun geratuta -informazio edo antisorgailurik lortzeko aukera ezagatik-, bere prestakuntza eta hazkunde pertsonalarekin modu egokian jarraitu ezingo duena, haur bat zaindu behar izango duelako. Amen bizitzak ere existitzen dira. Eta beraiek, amek, edo ama ez direnek, emakumeok oro har, eskubideak ditugu ernalketa aurretik eta ondoren ere. Eta eskubide horiek dira jendetza horrek ukatu nahi dizkigunak euren oihuen bidez.
Zorionez, asko ere bagara uste dugunak emakumeon eskubideak hedatzen diren bakoitzean pertsona guztien onurarako izaten dela.