GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Igone Lamarain eta Unai Larreategi EHEko kideak

Euskararen ofizialtasunaz bi hitz

Amaraun arrotz honetatik askatu eta herri euskalduna eraikitzeko aukera emango digun agertokia, amaraun propioa sortu beharra daukagu ezinbestean

Herri euskalduna berreraiki nahi dugunok sarri aipatzen dugun hitza da ofizialtasuna. Euskaraz bizi nahi eta ezina gainditzeko gako nagusi moduan kokatu izan dugu ofizialtasuna. Baina zer ulertzen dugu, zer aldarrikatzen dugu euskarak ofizialtasuna behar duela esaten dugunean? Euskararen normalizazioa hitz-jokoarekin gertatzen den gisara, ofizialtasuna terminoaren gibelean ulermen, aldarrikapen ezberdinak daude.

Euskal Herrian euskaldunok pairatzen ditugun lege ezberdinek ondokoa dute komunean: euskararen estatusa gehienez menpekoa dela tokian-tokian ezarri diguten erdararekiko. Argi dago egoera ezberdinak bizi ditugula batean eta bestean, baina horrek ezin digu errealitate gordina ezkutatu. Euskararen herria asimilatzeko tresna baliagarria da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa zein Nafarroa Garaiko zati batean ezarria den euskararen menpeko ofizialtasuna. Inongo lege babesik ez dagoen guneetako euskal herritarrek sinatuko lukete orain dauden egoeratik horrelako batera igarotzea. Hala ere, zatiketaren ondorioz pairatzen ditugun lege guztien oinarrian espainieraren eta frantsesaren nagusitasuna mantentzea dago, asimilazioa iraunkortzea bi erdarak lehenetsiz. Beraz, jakitun al gara batzuk zein besteak, asimilazio prozesuarekin bukatu eta herri euskalduna berreraikitzea ezinezkoa dela Konstituzio espainiarrak zein frantsesak espainiera eta frantsesa hizkuntza nagusi moduan inposatzen jarraitzen dizkiguten bitartean?

Inposizio, azpiratze horrekin bukatuko lukeen ofizialtasuna behar dugu euskal herritarrok euskararentzat. Batetik, ofizialtasun horrek Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela jasoko luke. Bestetik, Euskal Herri osoan euskara lehentasunezko hizkuntza eta ezagutu beharrekoa dela ezarriko luke. Egun, ordea, ezin diogu geurea den hizkuntzari horrelako estatusik eman euskal herritarrok. Egun euskararen herriak ukatua dauka berreuskalduntze prozesurako beharrezko diren lege zein hizkuntza politika propioak erabakitzeko eskubidea. Egoera honen aurrean, ezinbestekoa bihurtzen da hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea aldarrikatzea. Espainian espainieraren eta Frantzian frantsesaren hizkuntza politika erabakitzen duten bezala, Euskal Herriak euskararen hizkuntza politika erabakitzeko eta garatzeko eskubidea daukala aldarrikatu behar dugu.

Bestalde, herri euskaldunaren bidean erdarekiko asimilazioa gainditzea ezinbesteko pausoa izango da, eta maila guztietan euskarari lehentasuna emanez garaitu behar dugu asimilazioa. Hortaz, euskarak behar duen ofizialtasuna asimilazioa gainditzeko halabeharrezko tresna moduan irudikatu behar dugu.

Aipatutakoak dira, gure iritziz, herri euskalduna berreraikitzeko aldarrikatu beharreko estatus eta hizkuntza politikaren ezaugarri nagusiak. Hau guztia bideratu ahal izateko jakinekoa da egun Euskal Herria zatitu eta zapaltzen duten marko ezberdinak gainditu beharra dagoela. Asimilazio prozesuaren berme diren marko ezberdin hauek osatzen duten amaraunean harrapatua da herri euskalduna egun. Amaraun arrotz honetatik askatu eta herri euskalduna eraikitzeko aukera emango digun agertokia, amaraun propioa sortu beharra daukagu ezinbestean.

Aldaketa hauek eman bitartean, ordea, euskaldunok badakigu ez daukagula geldi egoterik. Urte luzeetan egin dugun bezala, auzolanean tinko jarraitu behar dugu euskararentzat esparru berriak irabazten, zonalde euskaldunak sortzen eta mantentzen, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez, erdarekiko daukagun sumisio jokabidea aldatzen... Jardun ezagunak zein ekimen berritzaileak uztartuz herri euskalduna gaurdanik eraikiz.

Esandako kontu hauek guztiak dira, gure iritziz, herri euskaldunaren iparra. Konbentzituta gaude bide osoa egiteko, euskararen herrian euskaraz bizi ahal izateko, aldaketa eta ekinbide horiek norabide zuzenean daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo