GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Eskalada Jarduerak

Beteranoek ere badakite zer den hortzak estutzea

Yuji Hirayama bere hastapenetara itzuli da, trad estilora, eta «Cobra Crack» bidea (8c) kateatu berri du. Stevie Haston, berriz, kirol eskaladan murgildu da eta «Descente Lolita» bidea (9a) egin du.

p052_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Irakurle gehienek kirol eskaladan zein lehiaketetan eman duen mailarengatik ezagutuko dute Yuji Hirayama (41 urte). Ez, ordea, estilo tradizionalean (trad estiloa) egindako ibilbidearengatik. Bada, azken bolada honetan fisureroak zein friendak hartu eta artesi gogorrak igotzen jardun du. Eta, gainera, oso maila ederra ematen. Adibide adierazgarriena Squamish-en (Kanada) sinatutako «Cobra Crack» bidea (8c) da.

Bidea 30 metro luze da, eta oso artesi fin batek zeharkatzen du. Duela hiru urte, Sonnie Trotter eskalatzaileak puntu gorria jarri zion, trad estiloko garaiko biderik gogorrena aurkeztuz.

Oso igoera gutxi ditu, eta iritsi den azkena Hirayamarena dugu: «Kateatze ederra izan da, ez dago gaizki beterano batentzat». Bai, japoniarra ez da batere gaizki moldatzen trad estiloan; izan ere, bere hastapenak estilo horretan egin zituen. 17 urterekin, adibidez, Yosemiteko 7c+ graduko bi bide poltsikoratu zituen: «Cosmic Debris» eta «Phoenix».

Hirayamarentzat oso garrantzitsua da estilo ezberdinetan jardutea: «Aniztasuna oso interesgarria iruditzen zait. Uste dut jatorria giltza dela, batez ere eskalatzaile baten nortasuna finkatzerakoan. Nire jatorria eskalada tradizionala da. Duela 25 urte hasi nintzen fisureroak eta friendak erabiltzen, eta nire helburu nagusia artesi zailak igotzea zen. Horrela, bi urte eman nituen; ondoren, kirol eskaladarekin, lehiaketekin... hasi nintzen».

«Cobra Crack» bideari buruz, honakoa adierazi du: «Kalitate asko behar da, segurtagailuak oso azkar jartzen jakin behar duzu, eskuetan duzun minari eutsi, kontzentrazio handia izan...».

52 urte

Stevie Haston alpinista handia dugu, baina duela sei urte, snowboard egiten ari zela, istripua izan eta min hartu zuen. Behin osatu ostean, alpinismoa alde batera utzi eta kirol eskaladan murgildu da. Bere azken jarduera Arieges-en (Frantzia) egin du: «Descente Lolita». Lehen igoera izan da, eta Hastonek 9a graduko proposamena egin du.

«Egun ez dut babeslerik, ez eta dirurik ere. Hori dela eta, kirol eskalada egiten ari naiz; besteak beste, denbora asko dudalako. Gogor entrenatu ondoren, nire azken erronka burutu dut. Ez nau zoriontsu egin, baina pozik naiz», adierazi du britainiarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo