Mendi lasterketak Lehiak
Makina bat hitzordu eta modalitate berriak aurtengo denboraldian
Inoiz baino lasterketa gehiago antolatu dira, eta, ohiko probez gain, bi berrikuntza ere izan dira: taldekako lehia eta Igoera Bertikalen Zirkuitua. Mendi lasterketen inguruko hausnarketa egitea eskatzen ari dira asko.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Mendi lasterketen denboraldia luzea eta oparoa izan da. Balantzea egiterako orduan, izenburu bezala balio duela uste dugu. Hala ere, kirol honen inguruan hausnarketaren aldeko deiak gero eta gehiago dira. Kirol berria da, eta, askotan gertatzen den legez, goraldia izan du. Urteek aurrera egin ahala, proba gehiago antolatzen dira; batez ere, ekimen pribatuak dira.
Uholdeak oraingoz ez duela dirudi, eta aurtengo denboraldia horren isla izan da. Alabaina, mendi lasterketetatik kanpo dauden asko hausnarketa sakona egiteko garaia dela eskatzen ari dira. Askok diote mendiko kirol bat baino gehiago, outdoor kirola dela eta hor kokatu behar dela. Edo atletismoan, mendiko atletismoa bezala ikusten dutelako. Ildo horretan, kirol honekin mendia kiroldegi bihurtzen dela diotenak ere badira, besteak beste, korrikalariek egiten dituzten denborak nagusitzen direlako; hots, orduak, minutuak eta segundoak.
Bestalde, mendiko federazioei honakoa aurpegiratzen zaie: inolako eztabaidarik gabe mendi lasterketak mendiaren munduan sartu izana. Hau da, mendiko lasterketak errazegi jaso izana.
Ildo horretan, dauden iritziak jaso nahi izan ditugu, horiek irakurlearen eskuetan utziz. Mendi lasterketen inguruko eztabaida eta hausnarketaren garaia iritsi ote da? Kontuak kontu, argi dago mendi lasterketen goraldia ez dela oraindik ere eten, izan ere, gero eta proba gehiago antolatzen ari dira. Aurtengoan, gainera, bi modalitate berri aurkeztu dituzte: Euskadiko Taldekako Txapelketa eta Igoera Bertikalen Zirkuitua (datorren urtean Euskal Mendizale Federazioak ofizial bihurtuko du).
Euskal Kopa
Mendi lasterketen denboraldia luzea da, eta, ondorioz, korrikalariek ondo aukeratu behar izaten dute zein probetan parte hartu.
Hitzordu ofizialei dagokienez, laster hasi ziren korrikalariei eginiko deiak. Euskal Mendizale Federazioari dagokionez, lehena apirilean izan zen: Euskadiko Txapelketa (Gasteizko mendi maratoia). Deialdi horrekin batera, jarraian, Euskal Kopa iritsi zen. Lau proba izan ditu aurten: Arratzu-Urdaibai, Kosta Trail, Zumaia eta Olazti-Urbasa.
Oro har, makina bat kirolarik hartu dute parte, baina, hori bai, guztietan parte hartu dutenak gutxi dira. Horrez gain, emakumezkoetan, beste behin, oso ordezkari gutxik hartu dute parte.
Aipatu ditugun lau probetan erdietsitako puntuak batu ondoren, beteranoen mailan Ana Carcamo eta Ander Unzurrunzagak irabazi dute. Bigarren postuak, berriz, Irene Sarrionaindia eta Peio Eskibelentzat izan dira. Podiumaren hirugarren postuan sailkatu direnak Jone Pelaez eta Jon Lasa izan dira.
Seniorretan, bestalde, Nerea Amilibiak aurtengo txapela jaso du nesketan. Haren atzetik Maitane Txueka eta Oihana Kortazar sailkatu dira. Mutiletan, Zigor Iturrieta izan da onena. Aitor Condek bigarren postua eskuratu du eta hirugarrena Pedro Etxebarriak.
Aurtengo denboraldiko berritasunei dagokienez, lehena Euskadiko Taldekako Txapelketa izan da. Hitzordu horretarako Camille Extreme proba aukeratu zuten. Irabazleak, Izadi Zaleak mendi taldeko Ruben Lanz, Igor Etxeberria eta David Redondo izan ziren. Bigarrenak, Manttale taldeko Iñigo Lasaga, Iñaki Larrañaga eta Josu Unsion. Eta hirugarrenak, Lagun Onak elkarteko Xabier Korta, Jokin Egiguren eta Haritz Iturbe.
Bigarren berritasuna Euskal Herriko Igoera Bertikalen Zirkuitua izan da. Hiru probek osatu duten lehen zirkuitua: Anboto, Zuzenien eta Beriain lasterketek. Zirkuitua ofiziala izango da datorren urtean.
Izaskun Zubizarretak irabazi du lehen zirkuitu hau garaipen batekin eta bi bigarren posturekin. Jone Urkizuk bigarren postua lortu zuen eta Nerea Amilibiak hirugarrena.
Gizonezkoetan, berriz, nahiz eta Didier Fago korrikalariak bi proba irabazi, Julen Aranguena nagusitu da. Bigarrena Fago bera izan da eta hirugarrena Imanol Etxeberria.