Euskal Herri osoko irrati saioak, Arrosa sareko webgunean eskuragarri
Arrosa Euskal Herriko hemeretzi irrati librek, Gaztesareak eta Musikerriak osatutako sarea da. Berrikuntza bezala, 30 saio entzun eta jaisteko aukera ematen dute aurten webgunean, baita saioak jasotzeko izena ematekoa ere. Denboraren eta lekuaren mugak hausten ari da sarea.
I. A. | GASTEIZ
Audio eta saio trukean oinarritzen den Arrosa sareak indarrez gainezka ekin dio ikasturte berriari. Hemeretzi irrati libre biltzen ditu sareak eta, horrez gain, Gaztesareak eta Musikherriak ere parte hartzen dute. Guztien arteko elkarlanaren ondorioa da sarea eta, horri esker, irrati batean egindako saioak gainontzekoetan zabaltzeko aukera dago. Hau da, Euskal Herriko txoko batetik bestera bidaiatzen dute saioek. Gainera, ikasturte berrian Internetek eskaintzen dituen abantailak baliatzea eta trukean jarritako saioak webgunearen bidez eskaintzea erabaki dute.
Lehen aurrerapausoa trukatutako audio kopurua handitzea izan da. «Aurten 30 irratsaio trukatuko ditugu», iragarri dute. Hazkunde horren atzean arrazoi bat baino gehiago dagoen arren, Algortako Koska irratiak eta Txingudiko Antxeta irratiak ere euren saioak trukean jarri dituztela nabarmendu behar da.
Webguneak izandako aldaketei esker, edonork, edonon eta edonoiz, atsegin dituen saioak entzun ahal izango ditu aurrerantzean. Arrosa sareko kide Iñaki Ziarsolok azaldu duenez, iaz hainbat aldaketa informatiko egin zituzten eta aurten horien emaitzak egonkortzea dute xede. Hala, sarean jarritako 30 saioak entzun edo jaitsi nahi dituenak webgunea bisitatu besterik ez du, baita saioren batean izena eman nahi duenak ere. Horrela eginez gero, erabakitako saioak automatikoki jaisten dira ordenagailura.
Elkarlanaren bidez, gero eta muga gehiago apurtzen ari da Arrosa sarea. Hasieran, irratiek beste irratietako saioak eman zitzaketen. Egun, beste pausu bat eman eta norberak, nahi duenean, saio guztiak entzun ditzake www.arrosasare.org webgunean.
Euskal Herriko irratien arteko trukean parte hartzen duten saioen kopurua handitu egin da denboraldi berrian. Koska eta Antxeta irratiek ere jarriko dituzte saioak sarean aurrerantzean.