Kronika | Ezpeletako piperraren jaia
Produktua ezagutarazi eta «tripa guztietan sartu» nahi duen festa
Ezpeletako piperra behar da agertu, altxatu eta tripa guztietan sartu», adierazi zuen Piperraren kofradiako Mixel Darraiduk. Bide horretan kokatzen da duela berrogei urte sortu zen festak lortu duen arrakasta handia. Milaka pertsona elkartzen dira urtero Ezpeletako karriketan piperrak eta berarekin egindako produktuak dastatu eta erosteko.
Idoia ERASO
Ezpeletako inguruak autobus, karabana eta autoz beteta zeuden atzo. Ezpeletarren artean aurreko urteetan baino jende gutxiago zegoela entzuten baldin bazen ere, herriko erdialdea milaka pertsonek hartu zuten beste behin. Aurten, lehen aldiz, jaia bi egunetan zehar luzatu da. Jaiaren efektua asteburua baino askoz lehenago ikus zitekeen herrian, izan ere, asteartean heldu ziren lehen karabanak eta asteburuan herriko txoko guztietan izan dira.
Kopuruaz gain, jendearen jatorria ere harritzekoa izan da, gehiengoa Okzitaniako Tolosatik, Bordeletik eta Landetatik etorri bada ere, Dordoina edo La Rochelleko interesatu andana ere aurki baitzitezkeen atzokoan Ezpeletan. Euskaldunak, aldiz, gutxi. Turista kopuru handia baliatuta, gazte talde batek Euskal Herrian dauden borroken azalpena eskaintzen zuen eskuorria banatu zuen. Euskararen, turismoaz mendeko garapen ekonomikoaren eta Estatu frantses eta espainolak daramaten errepresioaren berri eman zuten, bisitari ugariren interesa piztuz eta gure herria hobeto ezagutzeko parada eskainiz.
Dena dela, atzoko protagonista piperra zen; zortzi euro eta erdian txirikorda. Baina piperra askoz haratago eraman dute ezpeletarrek; izan ere, mostaza, gatza piperrarekin edo olioa ere eros zitekeen. Harrigarria badirudi ere, gozoekin ere lotu dute piperra eta, horrela, konpota, mermelada edo txokolatea ere badira.
Aurtengo sasoiarekin kexu ziren ekoizleak, joan den asteko izotzak produkzioaren %40 galarazi baitie. Hala ere, aurreko urteetan eguraldiak ekarritako galeretatik ikasita, labelak onartzen duen kopurua baino gehiago zuten landatuta.
Piperra ekoitzi bai, baina saldu ere egin behar da. Eskaera, zorionez, gero eta handiagoa da, bereziki Estatu frantsesean. Mixel Darraidu Ezpeletako piperrak Hego Euskal Herrian duen ezagutza eskasaz mintzo zen: «Frantses chef handiak gurekin oroitzen dira, baina hainbeste Michelin izar dituzten euskal sukaldariak ez dute gure piperra erabiltzen».
«Duela 40 urte sortu genuen eta geroztik asko aldatu da, hasieran bospasei postu zeuden eta egun mota guztietako produktuak saltzen dituzten 200 postu daude», azaldu zuen Darraiduk. Izan ere, piperra protagonista izanik ere, mota guztietako jan zein edariak eros zitezkeen atzo.
Aniztasuna Ezpeletako taldearekin desfilatu zuten kofradietan ere ikus zitekeen. Han ziren Senpereko amuarrainarena, Kanboko euskal pastelarena... Kanpotik etorritakoak ere ibili ziren Lapurdiko herriko karriketan, Bordeleko ardoaren kofradiakoak kasu.