Ohorezko Maila
Gernikak gorako bidea hartu du erakustaldia emanez
Bizkaitarrek sekulako norgehiagoka jokatu zuten, eta bederatzi entsegu egiteko gai izan ziren, aurkariari inolako aukerarik eman gabe. Garaipena lortzeaz gain, erasoko puntu gehigarria ere batu zuten.
GERNIKA BIZKAIA 54
SANTBOIANA 8
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Errugbi festa izan zen atzo Gernikan, eta talde bizkaitarrak berriro ere itxura bikaina eman zuen. Garaipena, eta erasoko puntu gehigarria denak lortu zituen etxeko taldeak. Ondorioz, behetik ihes egin du berriro ere.
Garaipena lortzeaz gain, joko bikaina egin zuen Gernikak, eta horren erakusgai dira lortutako bederatzi entseguak. Gaur egun horrenbeste entsegu lortzea oso zaila da, eta are zailagoa goi mailako errugbian.
Partidaren nondik norakoa lehen minututik ikusi ahal izan zen. Bizkaitarrek lehen entsegua estreinako minutuan lortu zuten, eta hortik aurrera erabat nagusitu ziren. Beti ukan zuten baloiaren jabetza, eta Santboianari ez zieten ezer egiteko tarterik eman.
Lehen zatian erakutsitako nagusitasuna erabatekoa izan zen, eta atsedenera joan aurretik sei entsegu gauzatuak zituzten. Eta eskerrak Solemo argentinarrak ostikoekin ez zuen gehiegi asmatu, bestela aldea oraindik ere handiagoa izango baitzen.
Bigarren zatian ere gauzak bide beretik abiatu ziren, bederatzigarren minuturako etxekoek zazpigarren entsegua lortuta baitzuten. Hori bai, ostean, erritmoa apur bat jaitsi zuten. Izan ere, dena egina zuten: garaipena ia eskuetan zuten, puntu gehigarria ere segurtatuta, eta lehen zatiko erritmoarekin jarraitzea ia ezinezkoa zen.
Erritmoa jaitsi arren, Santboinak ez zuen ia inoiz arriskurik sortu, eta entsegu bat besterik ez zuen gauzatu. Gernikak nagusi izaten jarraitu zuen, eta beste bi entsegu ere lortu ahal izan zituen partida amaitu aurretik. Azkenean, zaleen txalo artean utzi zuen berdegunea.
Bera Bera eta Ordizia
Egun beltza izan zen Ohorezko Mailan dabiltzan beste bi euskal taldeentzat, bai Pegamo Bera Berak bai Ampo Ordiziak ere galdu egin baitzituzten beren norgehiagokak.
Pegamo Bera Berak atzera pausoa eman zuen etxean Cajasolen aurka 12 eta 21 galduta. Partida garrantzitsua zen donostiarrentzat, gorazko bideari ekiteko beharrezkoa baitzen irabaztea, baina atzoko partidaren ostean behera begira jarraitu beharko dute. Partida ez zen handia izan, baina Sevillakoak hobeto aritu ziren.
Ampo Ordiziak neurketa zaila zeukan El Salvadorren zelaian, eta ezer gutxi egin ahal izan zuten Axio Arañak zuzentzen dituen mutilek, 37-17 galdu baitzuten. Goierritarrak ez ziren gaizki aritu, baina El Salvador talde handia da. Sailkapenari begiratuta, Gernika dago ongien kokatuta seigarren lekuan; postu bat atzerago dago Bera Bera eta jaitsierako postuetan da uneotan Ampo Ordizia.