GARA > Idatzia > Kultura

Stingek negua, «imajinazioaren urtaroa», aztertzen du bere lan berrian

GARA | MADRID

Sting abeslariak bere burua «neguko pertsona» bat bezala hartzen du, hark dioenez «mamu eta imajinazioaren urtaroa» baita. Magiaz beteriko unea da, musikariaren ustez, egun intentsitatea galtzen ari dena. Hori dela eta, disko berrian auziari buruz hausnartzea erabaki du, eta horren emaitza dugu hurrengo astean argitaratuko den «If on a winter night...».

«XXI. mendeko neguak hasi bezain laster amaitzen direla dirudi; elurteak gutxitan izaten dira eta daudenean, gainera, gutxi irauten dute», azaltzen du penatuta musikariak diskoaren aurkezpeneko hitzetan. Lan berri honetan, tradiziozko abestiez gain, sehaska kantak aurkitu daitezke eta horrez gain XVI. mendeko poemak, Johann Sebastian Bach eta Robert Schuberten mundu klasikoan inspiratzen direnak.

Deutsche Grammophon diskoetxeak argitaratu duen disko berri honekin, The Police taldeko kide ohiak 2006an hasi zuen bideari jarraipena ematen dio, hots, mundu klasikoan murgiltzen da berriz ere. 2006an «Songs from the Labyrinth» izan zen emaitza, non errenazimenduko John Dowland musikariaren abestiak eskaintzen dituen.

Oraingoan, bestalde, 58 urte dituen abeslariak «magia eta misterioa» gustukoen duen urtarora eraman ditu. Italiako Toskana aldean grabatu du lan berria Stingek, muino baten gainean dagoen etxe txiki batean. Hain zuzen ere, azkeneko hamarkadan zehar aldi berean bere «etxe» eta bere «bakarleku» izan den etxean.

Leku zehatz horretan aurreko otsailean zazpi musikari bildu zituen «neguko musika aztertu eta ospatzeko». Newcastleko Kathryn Tickell eta Julian Sutton, Eskoziako Mary Macmaster harpa-jotzailea, Vincent Segal txelo-jotzailea, Daniel Hoperen biolina eta Dominic Miller bere gitarrarekin bildu zituen Italian. Disko berria entzuterakoan, neguko mamuekin era «lasai eta baketsuan» erlazionatzea gomendatu du Sting musikariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo