GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxebarriko eskolako eraikin berriak prest egon behar lukeela ohartarazi dute

GARA | ETXEBARRI

J. M. Barandiaran (Pausoka) eta San Antonio (Kuku) ikastetxe publikoetako gurasoek Etxebarrin haur eta lehen hezkuntzako eraikin berria egiteko lanak hainbat aldiz atzeratu dituztela salatu zuten atzo. Azaldu zutenez, sarri agindu diete obrak hasiko zituztela, eta ikasturte honetan martxan egon behar luke dagoeneko zentroak.

Bi eskoletako gurasoen elkarteek komunikatu bat idatzi dute Bizkaiko herri honetan haurrak eskola publikora bidaltzea erabaki duten familiak jasaten ari diren egoeraz ohartarazteko. «Haur eta lehen hezkuntzaren gabeziei erantzun azkarra eta eragingarria emateko exijitzen diegu administrazio publikoei», dio oharrak.

Etxebarrin ez dago nahiko lekurik eskoletan eta, hortaz, duela zortzi urte urgentziazko konponbideak bilatu behar izan zituzten zegoen eskaerari erantzuteko. Orduan hartu zuten eraikin berri bat egiteko erabakia.

Lakuako Gobernuari eskaera

«Zentroak inauguratuta eta martxan behar luke, baina oraindik ez dago ezer», kritikatu dute. Eta sendiek atzerapenak eta bete gabeko promesak pazientzia handiz jasan dituztela erantsi dute. «Zentroa martxan jartzeko hamaika data ofizial eta ez-ofizial eman dizkigute. Azkena, 2011-12 ikasturterako aurreikusia; jada zaila izango da betetzea».

Gainera, aita-amen arabera, denbora honetan guztian ez diete neska-mutikoei «eskola duin bat» ziurtatu. Urtea joan urtea etorri arazoak estali eta kalitate eta eragingarritasun eskaseko irtenbideak eman dituzte: gelak bertan behera utzi dituzte, denek erabiltzen zituzten lekuak kendu dituzte edota ikasleak inguruko eraikinetan banatu dituzte.

Gurasoek nabarmendu dutenez, hau guztia gutxi balitz, herriko parkean modulu aurrefabrikatuak jartzen joan dira azkenik. «Modulu horiek ez daude behar bezala egokituta eta, okerragoa dena, ez dute apenas antolakuntzarik edo etorkizuneko planteamendurik», gaitzetsi dute.

Egoera honen aurrean, Pausokako eta Kukuko aita-amen elkarteek aipatutako zentroa 2011-12 ikasturte hasierarako martxan jartzeko eskatu diote Lakuako Gobernuari, «udalerri honekin hartutako konpromisoari erantzunez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo