GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Koldo Alzola Palestinarekiko solidarioa

Bost segundo elkartasunerako

Kirola eta politika nahastea leporatzen digute, baina ez al da politika armada genozida baten ekintzei babesa ematea?

Abiada bizian eskaileran behera abiatu, hesi gainetik jauzi egin, beste jauzi bat publizitate euskarria saihesteko eta zast!, Zurbaoko pabilioiko kantxa erdian Palestinako bandera aireratzea lortu genuen. Eskura utzi ziguten baliabide bakarra, alegia, ekintza zuzena baliatuta, Israelen aurkako nazioarteko boikot aldarria plazaratu genuen Estatu sionistako kirol ordezkarien aurrean. Ez zen erraza izan Baskonia eta Tel Aviveko Maccabiren arteko norgehiagokan Palestinarekiko elkartasuna presente izatea. Kirol arloko diputatuak pabilioian adierazpen askatasuna bermatu behar zutela agindu bazigun ere, israeldarrek euren kontrol neurri zorrotzak inposatu zituzten berriro ere, eta Ertzaintza zein Baskoniako segurtasun pribatua jo eta ke aritu ziren esku-orriak, banderak, pankartak, eta globoak atzematen, eta propaganda lanetan ziharduten hamaika solidario identifikatu eta mehatxatzen. «Stop apartheid-Palestina askatu» zioten pankartak iraingarriak ziren bisitarientzat, antza. Palestinarrentzat giza eskubideak aldarrikatzea ilegala da, nonbait, kirol legediaren arabera.

Kirola eta politika nahastea leporatzen digute, baina ez al da politika armada genozida baten ekintzei babesa ematea? Hamar hilabete eskas dira Israelgo Estatuko Armadak azken urteotako sarraskirik bortitzenetakoa burutu zuela Gazako Zerrendan. 1.500 zibil inguru erail eta 1.500.000 lagunen bizilekua eta oinarrizko azpiegiturak birrindu zituzten. Goldstone txostenean NBEko Giza Eskubideetako kontalariak gerra krimentzat jo zituen Armada sionistaren erasoak. Une horietan, Tel Aviveko Maccabik inplikazio zuzena izan zuen Armadari zilegitasuna emateko kanpaina instituzionalean; izan ere, taldeko jokalari esanguratsuenek babes publikoa eman zioten Armadari Gazako Zerrendaren gainean bonba zaparrada jaurtitzen ari ziren egunetan. Egun Baskonia saskibaloi taldeko jokalari den Lior Eliyahuk ere parte hartu zuen publizitate kanpaina hartan. Baskoniako arduradunek harrera beroa egin diote berriro Israelgo Estatuko kirol ordezkariari. Beste behin ere normaltasun osoz hartu dute Israelgo garbiketa etniko politikaren babeslea eta berriz ere bultzada bat eman diote nazioarte mailan Estatu demokratikoaren itxurak egiteko estrategiari. Hori ez al da politika?

2005ean Palestinako 200etik gora gizarte eragilek Nazioarteko BDS Kanpaina (Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak) abiatu zuen. Gasteizen mundu mailako deialdi honekin bat egiten dugun taldeok ezin genuen inolaz ere onartu Israelgo Estatuaren politikari zilegitasuna ematen dion ekitaldirik, kirol arlokoa bada ere, eta horrenbestez Israelgo ordezkaritzari gaitzespena adierazteko deia egin genion gizarteari. Hasieran bide ofizialak jorratu genituen: Baskoniako gerentearekin eta kirol arloko diputatuarekin bildu ginen, prentsa aurreko adierazpenak egin genituen... baina alferrik. Gai honen inguruko isiltasun ituna dago euskal hedabideetan. Partidaren eguna heldu zen eta nazioarteko boikot aldarria plazaratzeko bide guztiak itxi zizkiguten baliabide errepresibo guztiak erabilita. Baina azkenean oztopo guztien gainetik, eta bost segundoz bada ere, Palestinarekiko elkartasuna presente egon zen Zurbaoko kantxan. Ezingo dute horren erraz elkartasuna isilarazi. Intifada globalak irabazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo