GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ekitaldi jendetsua egin dute Urruñan, AHTri ezetz esateko

Abiadura handiko trenaren proiektuari muzin egiteko ehunka lagun bildu ziren atzo goizean Urruñako Berroeta auzoan. Trazatu berriaren ibilbide zehatza azaroaren amaieran ezagutuko badute ere, Larrun mendi ingurutik edo Urruña herri ondotik igarotzea dira aukeretako bi. AHTren aldeko kanpaina «itxurakeria hutsa» dela eta «kalte nabarmenak» ekarriko dituela salatu zuen Odile de Coral Urruñako alkateak.

p019_f0129119.jpg

GARA

Elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo goizean Urruñako Berroeta auzoan Abiadura Handiko Trenari (AHT) ezezkoa emateko. Beste hainbat herri elkarterekin batera Bidasoa Elkarteak deitu zuen mobilizazioan 600 lagun inguru bildu ziren, eta guztien artean giza kate luzea osatu zuten.

Urruñako Signatute lantegiaren aurrealdean bildu ziren goizeko hamarretarako AHTren bide berriaren trazatuak hartuko dituen inguruetara joateko. Bertan, joan den astean Azkainen egin zuten gisan, tren lasterraren lanek mehatxatzen duten Larrun mendiari begira «non LGV ez» leloa marraztu zuten bildutako guztien artean.

AHTren aurkako protestarako deia egin zutenen artean zeuden Urruñako alkate Odile de Coral eta Hendaiako alkate ohi Kotte Ezenarro, Lapurdiko beste hainbat aurpegi ezagunekin batera.

Trazatu berria

Abiadura handiko trenaren sustatzaileek azaroaren 30ean ezagutzera emango dute Urruña zeharkatzeko egin nahi duten ibilbidea zein den. Oraingoz ezagutzen diren datuen arabera, bi aukera daude; batetik, trazatua Larrun mendiaren inguruetatik igarotzea, eta bestetik, herrigunearen aldamenetik egitea. Lehenbiziko aukera gauzatu ahal izateko mendi inguruetan lur erauzketa eta tunel ugari egin beharko lituzkete; bigarren kasuan, berriz, herritik oso hurbil igaroko litzateke trena.

Egoera honen aurrean, Urruñako alkateak RFF Estatu frantseseko trenbideen kudeatzaileak daraman kanpaina «itxurakeria hutsa» dela adierazi, eta beraiek egindako galderei ez diela erantzun ere egin salatu zuen. AHTk herriari «kalte nabarmena» egingo liokeela argitu zuen De Coralek Urruñan egindako elkarretaratzean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo