Julen MURGOITIO
Aurrekontuen atzekontuak
Urtez urte sasoi honetan zer bi izaten dira inguruan bueltaka. Bata, aurrekontuen kontua. Halloween, bestea. Ez dakit biotatik zeinek sortzen didan beldur gehiago, biotan mozorrozkoak ageri zaizkigu eta; egunez batean, gabez bestean. Pasilloetan batak, karriketan besteak. Uuu! Gainera, aurten bada beldurgarri suertatzen den beste elementu bat, Bilboko gotzain laguntzaileak emakumezkoen etika ulertzeko duen etika katolikoa. Hori bada laguntzailearena kontuak atera titularrarena! Hau ikara! Jainkoak anparatu gaitzala! Munduan anparatu behar dituenen zerrendan sartu gaitzala, behintzat! Uuu! Tira! Berriro aurrekontuen dantza. Atzekontuak, hobe esanda; azken batez atzetik datozen aurrekontuak dira, urtez urte aldatzen den bakarra kontestua baita, ez testua. Are gutxiago testuaren izpiritua. Uuu! Hori bai, aurtengo aurrekontuak sozialak dira, ez dira izango, bada! Ni adinez neure buruan arrazoia erabiltzeko moduan nagoenetik aurrekontu guztiak izan dira sozialak. Uuu! Eta, jakina, sozialak diren kontu horietan bat egin dute sozialistek, sozial jelkideek, sozial popularrek eta aurreko guztiek kontua duten banku handietako sozio nagusiek beraiek ere. Zer kontu diren, kontuak atera! Hautua egin behar badut Halloween nahiago, gabez lotan nagoelako. Kalabazak dira zer bi horiek komuna dutena; beldurraren adierazlea batean, eta soziala beste era batean ulertzen dutenei emana bestean. Eta honetaz gotzain laguntzailea isil batean, total mutu, itxura batean testu sakratuetan ez baitago kalabazaren gaineko aipurik; hobeto horrela, aipurik izatekotan seguru kalabaza hura transgenikoa zela! Hor ibili naiz aurrekontuetan arakatzen, ia zer edo zer interesgarri ondorioztatzen dudan. Ez da lan makala izan gero! Horra! euskararen partida handitu baietz! Ertzaintzaren atalean! Ba bai, diotenez patruila bakoitzean gutxienez ertzain euskaldun bat izango da aurrerantzean. Uuu! Gaztelera ikasteko zirrara betean nago. Ezin dut eszena imajinatu: Lekeitioko antzar gaueko ordu txikerretan, brigada mugikorreko furgoneta batzuk plaza erdian hutsik, plaza hutsik ez, furgonetak hutsik, barrukoek plaza bete dutelako, eta gazte batzuk, odolusten, haiei galdezka eskuineko furgonetako euskalduna zein den... Eta euskalduna izan bazan sartu dadila kalabazan eta agertu dadila Lekeitioko plazan.