GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top-14a

Entrenatzailea baino ez da aldatu Baionako taldean

Richard Dourthek taldearen arduradun izateari utzi dion arren, Avironek betiko akatsak errepikatu zituen Toulonen aurka, eta jaitsiera postuetan segituko du.

p048_f01_6478.jpg

AVIRON 8

TOULON 14

GARA | BAIONA

Entrenatzaile aldaketak ez du saririk izan Aviron Baionakoarentzat. Richard Dourthek bere postuari uko egin eta Jean Phillippe Coyola-Thierry Mentieres bikoteak taldearen ardura hartu berritan, lapurtarrek betiko akatsak errepikatu zituzten Toulonen aurka eta 8-14 galdu zuten Jean Dauguerreko berdegunean. Denboraldiko zortzigarren porrota da zuri-urdinentzat eta jaitsiera postuetan segitu beharko dute oraingoz.

Bihotzarekin jokatu zuen Baionak, amorruz, baina azken partidetan gertatzen zaion moduan, bere jokoak ez du saririk izaten markagailuan. Toulonek ongi eutsi zion euskaldunen hasierako presioari, eta aukera izan bezain laster, markagailuan puntuak batuz joan zen. Wilkinson famatuaren hutsunea bikain bete zuen Sebastian Fauquek bere hiru zigor-kolpeekin eta Loamanuk egin zuen gainerakoa bere entseguarekin.

«Atsekabe handia izan da. Hogei minutu ongi jokatzen ditugu baina ez dugu lortzen markagailuan aldeak irekitzea. Arazoak ditugu jokaldiak amaitzen eta horrek konfiantza kentzen digu», adierazi zuen Julian Puricelli hirugarren lerrokoak.

Hiru partida erakargarri gaur Ohorezko Mailan

Helburu, egoera eta aurkari oso ezberdinak dituzte Gernikak, Ordiziak eta Bera Berak gaurko neurketetan. Talde bizkaitarra da, hasiera batean, garaipena eskuratzeko aukera gehien dituena. Basurdeek 54-8 irabazi zuten aurreko astean Santboianaren kontra eta gaur Les Abelles azken sailkatuaren aurka neurtuko dituzte indarrak (12.30). Azken garaipenak emandako moral dosiari, gainera, Bizkaia Gernikak egindako azken fitxaketak batu behar zaizkio: Juan Pablo Solerno eta Mauro Amor argentinarrak. Lan zailagoak izango ditu Ampo Ordiziak. Gipuzkoarrek jokalari asko dituzte min hartuta eta CRC Madrid indartsua jasoko dute Altamiran (12.00). Zaleen aurrean jokatzeak ematen duen indarra beharrezkoa izango dute etxean galdu gabe segitzeko. Pegamo Bera Berak, azkenik, etxetik kanpora aurreneko puntuak batu nahi ditu, Valladoliden, Quesos Entrepinaresen zelaian (12.30). GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo