GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BALMASEDA

1997ko finalaren arantza kendu ahal izan zuen Titinek

TITIN III 22

OLAIZOLA I 21

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Garrantzi bera izan ez zuen arren, 1997. urteko Santa Lutzi egunez Gasteizen Julian Retegiren aurka ihes egiten utzi zuen txapelaren arantza kendu ahal izan zuen ostiral gauean Titinek Balmasedan. Duela hamabi urte, Ogetan, errioxarrak esku artean zuen garaipena, Eratsungoari 17-21 irabazten zionean, baina amaiera epiko batean, nafarrak buelta eman zion finalari, aspaldiko partidarik gogoangarrienean. Balmasedan aldiz, historiaren beste aurpegia ezagutu zuen Aspekoak, Asier Olaizola izan baitzen ostiral iluntzean eskuetan zuen partida amaitzen jakin izan ez zuena.

Jokoan txapelik ez zegoen arren, garrantzi handiko partida zen Balmasedakoa Titinentzat, porrotak bere txapelketarik kuttunenari betiko agur esatea ekar zezakeelako. Gainera, urte kaxkarra osatu ostean, zalantza ugarirekin ekin zion lehiaketari, atzoko garaipenarekin ere erabat uxatu ez dituenak.

Gorabehera handiak

Azken hilabeteetan prestaketa berezia egin ostean, indartsu ekin zion lehiari Triciokoak. Sake-bueltan, errestoan arazo asko dituen Asier Olaizolaren aurka ezker gantxoa ondo erabiliz, 8-2 aurreratu zen Titin, baina rockero zaharrak sekula hiltzen ez diren arren, nabaria izan zen garai bateko txispa eta bizitasuna frontoietako bazterretan utziak dituela eta pixkanaka pixkanaka goizuetarraren eskuin indartsuaren aurrean amore eman behar izan zuen.

Fisikoki asko zigortu zuen Asegarceko aurrelariak errioxarra eta partida hamabina berdindu ostean, lehen abantailak izan zituen, Triciokoa frontisetik urrun mantentzea lortuta. Partida eskuetan izan zuen 17-21ekoarekin, baina ez zuen saioa amaitzen asmatu. Azken pilotakada txapara bidali zuen Asierrek eta rockero zaharra bisetan beste hiru pieza jotzeko moduan izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo