GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Koikili Lertxundi, Hamaika Bilbo-ren «Harrobia» saioaren lehen emanaldian

GARA | BILBO

Aste honetan Hamaika Bilbo Telebistan berrikuntzak izango dira. Izan ere, hiru saio berri martxan jarriko dituzte: bata, Athleticen ingurukoa; bestea, ordu erdiko dokumental-erreportaje tankerako bat; eta azkenik, Bilbo Hiria Irratiarekin egingo duten konexioa.

«Harrobia» saioan (astelehenero, 22.30ean) Zihara Aranbarrik aurkeztu eta zuzendutako programa berri honetan, zuri-gorrien inguruan arituko dira. Gaur gauean izango da lehendabiziko emanaldia, eta Manix Mandiola entrenatzailea, Itziar Gurrutxaga Athletick-eko jokalari ohia, eta Manex Altuna eta Ager Sardui kirol kazetariak izango dira solaskideak. Baina, gonbidatu berezi bat ere izango du estreinako programak, Koikili Lertxundi Athletick-eko jokalaria bertaratuko baita Hamaika Bilboko platora.

«8garren kalea» saioa (ostegunero, 22.30ean) Ibaizabal Telebistak, Bilbo Hiria Irratiaren laguntzarekin, Hamaika Bilborentzat ekoiztutako programa da. Dokumental-erreportaje formatuan, gai bat landuko dute sakontasunean. Lehenengo saioaren gaia Erriberako merkatua izango da. Bestalde, Hamaika Bilbon goizeko zerbitzu programazioan Bilbo Hiria Irratiak eskainitako goizeko magazina sintonizatuko dute. Hala, zerbitzu programazioa ikusi bitartean, Bilbo Hiria Irratiak 9.00-11.30 bitartean eskaintzen duen magazina entzuteko aukera izango da astelehenetik ostiralera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo