Ixabel Etxeberria Irakaslea
Herria libre pentsatzen!
Garikoitz ikusten genuen lanera joaten, ez zen gordetzen; bestalde auzia zela-eta, hara joan zen, bere buruaren defenditzera, azaltzera zer-nolako lana egiten zuen, nolako bizimodu arrunta eraman duen. Ez da itzuli. Ez da lehena. Hain demokratikoa den Europa honetan zer gertatzen den ez dugu ulertzen
Garikoitz ezagutzen dugu, herriko irratian lan egiten baitu. Izan ere, Urruñan, Info7-k talde bat baitu lanean. Ez dugu ulertzen, Garikoitz ikusten genuen, lanera joaten zen, ez zen gordetzen; bestalde auzia zela-eta hara joan zen, bere buruaren defenditzera, denen aurrean azaltzera zer-nolako lana egiten zuen, orain arte nolako bizimodu arrunta eraman duen. Ez da itzuli. Ez da lehena itzultzen ez dena iritzi politikoari lotutako delituengatik. Hain demokratikoa den Europa honetan zer gertatzen den ez dugu ulertzen.
Aizagerrek dei egin digu, hura protestatzeagatik zigortu baitute. Egin zioten auzian lekuko batek kontatu zuen nola judu eta beste askoren zerrendak osatu zituzten II. Mundu Gerla aitzin, nola baliatu zituzten herio kanpamentuetara jende horren eramateko, geroztik horiek guztiak ez zituztela desegin. Erran nahi baitu zerrenda horiek ez direla osatzen helburu zuzenekin! Inoiz ez! Hori jarri digu begien aurrean ELBko militante zintzo eta determinatuak. Norbaitek entzun al du hain babestuak sentitzen diren boterearen pasabideetan bizi diren horiek, zerrenda horiengatik protestatzen? Alta, askatasunak desegiten hasten direlarik, edozein eror daiteke zepoan.
«Edozein» horrek ñabardura beharko du, eta horren froga izana dugu aste honetan Pasqua ministro ohiaren presondegi zigorraren berri izan dugularik. Hark urtebete pasa behar luke itzalpean harrapatua izan den afera bategatik. Baina, nahiko lasai agertu zaigu telebistan. Aukera eskaini baitiote luze eta zabal bere buruaren defenditzeko! Argi gelditu da politikari nagusiei buruzko txostenak dituela eta nahi duelarik egoera arriskugarrian jar ditzakeela boterean dauden agintariak ere. Ez ditu zuzenki mehatxatu. Noski, ez ditu mehatxu hitzak erabili, baina argi geratu da denentzat presondegira joan beharko balu, ez dela bakarrik joanen. Ondorioz, atzo dagoeneko gogoratzen zuen dei egin zuela eta espero zuela beraz bere egoera aldatuko dela. Jarraian datorrena segituko dugu.
Arlo judizialeko albisteetan, beste politikari bat ere aurkitu dugu: Chirac. Aspaldiko afera atera diote, galdu baitu karguaren babesa Presidentetza utzi duenetik. Asko atera dira haren defentsan. Beti bezala, justiziaren bi abiadurak justifikatzen aritu dira injustizia hedatzen ari den unean.
Hirurehun pertsona atxikiak izan dira Hendaian 2008an. Zergatik, zertarako? Soilik frantses Estatuak eskuin muturrari erantzuteko sortu dituen lege baztertzaileengatik.
Muga guztiak gaindituak izan dira azken hilabeteetan, frantses Estatuak eskaintzen digun itxura baztertzaile, intolerante eta euskaldunekiko elkorra sinestezina da. Desobedientzia aipatu digu J.M. Aizagerrek, ez dago beste biderik, Estatu horrek ez digu deus onik ekartzen. AHTri buruzko berriek ere ez digute besterik azaltzen, bestalde.
Gelditzen zaigun gogoetarako lerro bakarra, Nazio Eztabaidaguneak eskaintzen diguna da, herri gisa bizitzeko lanabesak eskuratzeko gogoetatzen has gaitezen, euskal lurralde guztietako abertzaleak elkarrekin, gure artean ideiak trukatuz eta elkarrekin geroan pentsatuz. Bakoitzak bere auzoan, herrian noski, bakoitzak bere erritmoan praktikan ezarriko dituelarik, baina has gaitezen herrian pentsatzen.