GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendi lasterketak World Series

Jornet eta Brizio nazioarteko zirkuituan errege eta erregina

Katalanak hirugarren urtez jarraian irabazi du Skyrunner World Series zirkuitua. Euskal Selekzioko Alizia Olazabalek laugarren postua erdietsi du. Iker Karrera hirugarrena izan da Montsanteko Ultra Trail-en.

p054_f01_93815.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Pasa den astean aipatu genizuen mendi lasterketen denboraldia amaitutzat jotzen genuela. Jakina, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako proba ofizialei zein igoera bertikalen zirkuituari buruz ari ginen. Bada, ordea, amaitu berri den beste zirkuitu bat: International Skyrunning Federation-ek antolatutako Skyrunner World Series zirkuitua.

Mendi lasterketen nazioarteko federazioaren zirkuitua Munduko Kopatzat hartzen da, eta aurten zazpi proba izan ditu: Irazu (Costa Rica), Zegama-Aizkorri (Euskal Herria), Vallnord (Andorra), Giir di Mont (Italia), Pikes Peak (AEBak), The Ben Nevis (Eskozia) eta Mount Kinabalu (Malaysia).

Azken proba, Malaysiakoa, urriaren 24 eta 25ean jokatu zen, eta puntu guztiak batu ondoren, argi asko geratu da lasterkari katalanak jaun eta jabe izan direla. Gizonezkoetan, adibidez, nola ez, Kilian Jornet gazteak irabazi du nazioarteko zirkuitu hau. Eta bigarrena, Tofol Castanyer izan da. Postu bera, baina emakumezkoetan, Mireia Miro gazteak sinatu du. Horrela bada, Kataluniako Selekzioak ez du inolako arazorik izan taldekako garaikurra eskuratzeko.

Jorneten kasuak ez gaitu ezustean harrapatu. Urtean lortu dituen emaitzek dioten bezala, oso denboraldi biribila egin du. Mount Kinabaluko azken proba irabazteaz gain, Skyrunner World Series zirkuitua ere eskuratu du. Eta, gainera, hirugarren aldiz jarraian. Horrela bada, gazte honek Andorrako Agusti Roc lasterkariaren marka berdindu du; biek ala biek hiruna txapel dituzte.

Baina Jorneten markak ez dira garaipen horretara mugatzen. Ultra Trail-etan, adibidez, Mont Blanc-ekoa zein Tahoe-koa (Kalifornia, AEBak) irabazi ditu. Azpimarratzekoa, era berean, Castanyer eta Mirok sinatu dituzten bigarren postuak.

Gizonezkoetan hirugarrena Ricky Lightfoot izan da eta hamargarrena Euskal Selekzioko Jokin Lizeaga.

Emakumezkoen lehiari dagokionez, aurreratu behar da soilik 8 izan direla etenik gabe lehiatu diren korrikalariak. Eta onena Emanuela Brizio italiarra izan da; hirugarren postuan Stephanie Jimenez andorratarra sailkatu da. Aipatzeko modukoa da Euskal Selekzioko Alizia Olazabalek erdietsitako laugarren postua.

Nazioarteko zirkuituaren emaitzen azalpena amaitzeko, taldekako podiuma. Lehian izan diren hamaika taldeetatik, lehena, aurreratu dugun bezala, Kataluniako Selekzioa izan da, eta bigarrena Salomon Santiveri. Euskal Selekzioa bosgarren postuan sailkatu da.

Karrera, hirugarren

Nazioarteko zirkuitua amaitu zen asteburu berean Montsant mendilerroko Ultra-Traila jokatu zen. Lehen aldia zuen Kataluniako Priorat eskualdeko ingurumari ederrean egin den proba gogor eta luze honek.

Eta hori diogu, besteak beste, parte hartu zuten 85 lasterkariek 105 kilometroko ibilbideari eta 4.000 metroko goranzko desnibelari aurre egin behar izan zietelako.

Erresistentzia edo oso iraupen luzeko lehia hau amaitzeko gehienez 28 ordu zituzten, eta, aitortu beharra dago, parte-hartzaileak fin ibili zirela. Hori bai, 85 korrikalarietatik 59k lortu zuten amaitzea.

Gizonezkoen lehian, euskal lasterkari bat bertan izan zen: Iker Karrera. Alpino Uzturre mendi taldeko ordezkariak bikain jardun zuen; izan ere, hirugarren postuan bukatu zuen. Hasiera-hasieratik, tropelaren buru jarri zen, baina 20 kilometro falta zirela, Marc Balaña aurrean jarri eta bera iritsi zen lehen postuan. Guztira, 105 kilometroko ibilbidea osatzeko 11 ordu eta 20 minutu behar izan zituen. Balañaren atzetik eta ia bi ordura Toni Contesti helmugaratu zen, eta, esan bezala, hirugarren postua Karrerarentzat izan zen (irabazleak 2 ordu eta 23 minutuko aldea atera zion).

Euskal ordezkari gehiago izan zen, baina, hori bai, antolatzaileek prestatutako 33 kilometroko lasterketan. Iñaki Ruiz bederatzigarrena izan zen eta Andoni Calles hamargarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo