GARA > Idatzia > Mundua

Zelaya berrezarriko duten ala ez azkar erabakitzeko eskatu diote Kongresuari

Honduraseko presidente hautetsia, Manuel Zelaya, agintean berrezarriko duen edo ez erabakitzeko, gero eta presio handiagoa nabaritzen ari da Kongresua eta, horren harira, Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) eskatu du Zelaya albait arinen itzultzeko agintera.

GARA

Honduraseko estatu-kolpearen ondoriozko krisi politikoari irtenbidea emateko, Zelaya boterean albait arinen berrezartzeko eskatu dio Amerikako Estatuen Erakundeak (AEE) Kongresuari.

Zelaya agintean berrezarriko duen ala ez erabakitzeko, Kongresuak epe mugaturik ez duen arren, ahalik eta tarte laburrenean egin dezatela eskatu zuen atzo AEEko idazkari politiko den Victor Ricok, haren ustez erabakia hartzea atzeratzeko arrazoirik ez dagoelako.

«Ekainaren 28an -estatu-kolpea jazo zenean-, ordu gutxi batzuetan hartu zuten erabakia», azaldu zuen Ricok. Beraz, orain «Honduraseko Kongresuak mahai gainean jarri behar du, lehenik eta behin, legeria; hondurastarrentzat eta bakearentzat probetxugarrien izango den bidea hautatu beharko dute. Era berean, nazioarteko komunitatearen jarrera eta asmoa zein den ere aintzat hartu beharko dute», gaineratu zuen Ricok, Honduraseko «El Heraldo» egunkariak jasotako adierazpenen arabera.

Iragan ostiralean sinatu zuten bi aldeek San Jose-Tegucigalpako akordioa, krisi politikoari amaiera emateko bide gisa. Hitzarmen horrek, bi konpromiso betetzeko epeak zehazten ditu: Egiaztapen Batzordea abiatzea, gaurko; eta, bestetik, batasun nazionaleko gobernua sortzea, ostegunerako. Dena dela, guztiak Kongresuari begira daude, Zelaya agintean berrezarriko duen ala ez noiz erabakiko duen zain.

Ganberak ostegunerako erabakia hartuta izatea espero duela azaldu zuen Ricok.

Atzo, Zelayak berak ere, ostegunerako erabakia hartzeko deia egin zion Ganberari. Presidente hautetsiaren adierazpen horiei erantzunez, baina, kritika gogorrak izan zituzten gobernu kolpistako ordezkariek, haien ustez, Manuel Zelayaren hitzen helburua egungo egoera «ezegonkortzea» delako.

Egiaztapen Batzordea

Beste alde batetik, atzo eman zuten ezagutzera nortzuk osatuko duten Egiaztapen Batzordea.

Batzorde horren funtzioa, gehienbat, bi alderdiek adostutakoa betetzen duten ala ez egiaztatzea izango da.

San Jose-Tegucigalpako hitzarmenak zehazten duenaren arabera, nazioarteko komunitateko eta Honduraseko komunitateko bina kidek osatu behar dute aipatu batzordea.

AEEren informazioaren arabera, honakoek osatuko dute batzorde hori: Jorge Reina (Zelayaren ordezkaria), Arturo Corrales (Michelettiren ordezkaria), Ricardo Lagos (Txileko presidente ohia) eta Hilda Solis (AEBetako Enplegu saileko idazkaria).

AEE-ren bilera

Amerikako Estatuen Erakundeak Hondurasi ezarritako zigorrak bertan behera utziko dituen ala ez erabakitzeko batzarra hilaren 16an -behin akordioa abiarazita- egitea proposatu zuen atzo Boliviako ordezkari Jose Pinedok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo