GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Ikaztegietatik Alegiara, mendi martxa

AHTk igaroko dituen lurrak bisitatu dituzte Tolosaldean

AHTren lanak paperean edo norbaiten ahotik ezagutu beharrean, zeharkatuko dituen lurrak bisitatu zituzten Tolosaldean atzo. «Zerbait egin beharko dugu». Horixe izan zen Ikaztegietatik Alegiarako bidea mendiz egin zuen askori bururatu zitzaiona, inguru haietan AHT eginda irudikatzearekin batera.

p013_f013891.jpg

Janire ARRONDO

Ikaztegietako plazan goizean goiz elkartu eta dozenaka lagunek egin zuten atzo Alegiarainoko Mendi Martxa. AHT eraikitzeko lanak zer-nolakoak izango diren jakiteko, bertatik bertara ikusi zituzten trenak igaroko dituen lurrak. AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek, gainera, proiektu erraldoiaren inguruko xehetasunak azaldu zituzten. Mendi ibilaldia giro umoretsuan egin bazuten ere, nabarmena izan zen bertan bildutakoen kezka.

Guztira, 3,7 kilometroko luzera duen «Tolosa» eremuaren lehen zatian 200.000 metro karratutik gora hartuko ditu AHTk, eta aurreikuspenen arabera, 80,5 milioi euro kostatuko da. Dagoeneko esleitua du Lakuak lanen ardura eta urte honen amaierarako martxan jarri eta 28 hilabeteetan amaitzea espero dute.

Ikaztegietako Ubane eta Arizmendi inguruan, esaterako, 40 metroko altuera eta 363 metroko luzera duen zubi erraldoia eraikitzeko asmoa dute. «Hondamendi nabarmena» gertatuko da auzo horietan, Elkarlanekoen ustez. Aldabako Muñozabalen, bestalde, obrarako sarbide pistek ekarriko dute «txikizioa».

Bidean, bertako bizilagun eta baserritar batzuek euren egoera zein den azaldu zieten Mendi Martxan zihoazenei. Alegiako Eguzkitza auzoko eta Tolosako Aldaba Txikiko baserri lurretan, esaterako, tunelak hondeatzean ateratako soberakinak metatzeko egingo dituzten hondakindegiek eragingo diete hondamena. AHT eraikitzeko lanen ondorioz halaber, Alegiako Txopitxu eta Lizarraundi errekak erabat suntsituko dituzte.

Mendi erauzketa, tunel, hondakindegi eta zubi artean, hamaika lan egin beharko dituzte AHT Tolosaldeko herri hauetatik igarotzeko.

Elkarlaneko kideen azalpenen arabera, tunelak zulatzeko egin beharreko leherketak eta hondeatzeak direla medio, ura kutsatu eta errekak desbideratuko dituzte, erosioa areagotu eta lur emankorren galera izango da. Lanak egin bitartean, «neurriz kanpokoak» izango dira kamioien joan-etorriak, energia kontsumoa eta kutsadura akustikoa.

Zuzeneko kalteez gain, zeharkakoak ere ekarriko ditu AHTk. Obraren tamaina «itzela» dela-eta, Altzoko harrobiaren ustiaketa «neurrigabe» haziko dela aurreikusten dute AHTren aurkakoek, horregatik, ziurtzat zuten Tolosaldean harrobi berriak ireki beharra izango dela.

Elkarlanekoek esandakoaren arabera, gainera, «herritar gehienak baztertuta utziko ditu» proiektu honek, eta gerora, lurralde zentralizazioaren eta desoreka sozioekonomikoen ondorioak gertatuko dira Tolosaldean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo