Ainhoa Lores Aranda Kazetaria
«Gauza perfektuek ikara ematen didate... ez ditut atsegin...», zioen kantak
Ziur nago nire inperfekzio desobeditzaile, inkonformistarekin bidean ardi beltz asko eta askorekin bat egingo dudala eta gure nahiak, gogoak, ahaleginak eta lanak batuz gure helburuak lortuko ditugula
Eta orain hemen nago, nire inperfekzioaren burbuilan gustura, beteko nauen zer edo zer idazteko irrikan eta, bide batez, «perfekzio» hitzaren zentzua bilatzen. Baina baten batek benetan galdetuko balit zer den perfektua izatea, zer erantzun beharko nioke? Nori zuzendutako perfekzioaz ari gara? Perfekzioari so egiteko modu desberdin asko dagoela esan beharko nioke. Batzuentzat perfektua dena besteentzat, aldiz, inperfektua da eta alderantziz, beraz, hara hor sortzen zaidan buruhausterik handiena.
Buruari buelta asko eman eta gero, pentsamendu bakarra bultzatu eta ezartzen duten boteretsuen perfekzioaz arituko naiz lerro hauetan. Perfekzioak beraiek eraikitako artaldean irautearekin zerikusia daukala esango nuke; txintik esan gabe inposatu zaizkien arauak «zintzo-zintzo» betetzen dituzten gizaseme/alabak izango dira talde horretako kide perfektuak, injustizia guztien aurrean beste alde batera begiratzen duten horiek, konformistak era itsu-itsuan, hitzez hitz dena obeditu eta sinesten dutenak, inolako arazo edo zalapartarik sortzen ez dituzten menpeko ardi inozente eta ezjakinak dira artalde horren partaide.
Zer gertatzen da, ordea, sasi-artaldean norbaitek oihu egiteko gogo bizia sentitzen duenean, edo eraikitako tribu horren parte izan nahi ez duen izaki «inperfektuarekin»? Gainontzeko ardi «progresistek» errezeloz begiratuko diote ardi beltzari. Bien bitartean, totalitarismo horretako buruzagiek zarata ateratzen duten «inperfektu» horiek isilarazten saiatuko dira, ez baita komeni izpiritu kritikorik eraikitako mundu perfektu isolatuan, badaezpada ere... Bide horretarako inposaketa eta arma egokiak erabiliko dituzte, errepresioaren armak, alegia, oinarrizko eskubideen kontra edo oro har hainbeste maite duten konstituzioaren kontra egin behar badute ere. Hori bai, beti demokrazia eta zuzenbidezko estatuaren izenean.
Baina batzuen perfekziora bueltatuz, eta inposaketa hitza aipatu dudanez, nire aburuz, bi termino hauek ezin dira eskutik joan, ez dute bikote perfektua osatzen; ezinezkoa, erokeria galanta baino ez da. Boteretsu horientzat artalde perfektua izango litzatekeena ezin da existitu, ez behintzat nire buruan, perfekzioa bera existitzen ez den moduan. Subjektu garen aldetik dena subjektiboa da, baita perfektua dena ere, izateagatik soilik inperfektua delako.
Nik batzuek perfekzioa deituko lioketenaren aldean, nahiago inperfektu izan, inposatutako artalde horretako parte izan nahi ez duen ardi beltza. Ez dut perfekzioa gustuko eta ziur nago nire inperfekzio desobeditzaile, inkonformistarekin bidean ardi beltz asko eta askorekin bat egingo dudala eta gure nahiak, gogoak, ahaleginak eta lanak batuz gure helburuak lortuko ditugula. Jarrai dezagun bada, gure Euskal Herria askea eraikitzen, errepresio eta inposaketa perfektu guztien gainetik. Izan ere, Rafa Rueda abeslariak kantatzen zuen moduan, «Gauza perfektuek ikara ematen didate... ez ditut atsegin...».