Kronika | Epaitegi atarian
Herritarrek kalean eutsi diote justiziaren aldeko aldarriari
Epaiketaren estreinako egunean bertaratutako erakunde publikoetako ordezkarien itzalik gabe egin zuten atzo herritarrek guardia Nafarroako Auzitegi Gorenean. Laffagen senide eta lagunek ere kalean igaro behar izan zuten eguna, Opuseko Unibertsitateko ikasle askok atzoko eguna aukeratu baitzuten zuzenbideko praktikak aretoan egiteko.
Oihana LLORENTE
Argazkilarien flashen arreta gunetik urrun elkarretaratu ziren atzo dozenaka herritar epaitegi atarian. Astelehenean baino jende gutxiago bildu zen eta euren aurpegiak ez ziren bezperakoak bezain ezagunak, baina hori ez zen eragozpena izan, eta tente eutsi zioten herritarrek ordu luzez «Ezetza ezetz da! Justizia» edo «Nagore, zure oroimenez» zioten pankartei.
Euriak etenaldia eskaini zuen arren, udazkeneko haize hotza presente zegoen Nafarroako hiriburuan, eta eragina zuen ordu luzez zutik zirauten herritarren artean. Txandaka kafea hartzeko eta sabela apur bat betetzeko atsedenaldia egiten zuten, eta berriz buelta, kalean justizia galdegitera.
Goiztiar esnatzen dira irundar dexente egunotan, Oiasso 2000 Auzo Elkarteen Federazioak antolatuta, autobusa goiz ateratzen baita Iruñera bidean. Nagore Laffage zenaren ama, Asun Casasola, zain izaten dute epaitegi atarian. Emakume honek lo ere ez duela egiten dirudi, baina bertaratutako guztientzat ditu esker oneko hitz goxo eta besarkadak.
Casasolak bihar deklaratuko du epaitegian, eta hortaz, ezin du aretoan sartu. Bestalde, atzo sartzeko asmoa zuten senide eta lagunak kalean geratu behar izan zuten, Opuseko Zuzenbideko ikasleak atzoko eguna aukera baitzuten euren praktikak egiteko. Haserrea nagusi zen kontzentrazioan izan ere, goizeko zortzietarako, epaiketa hasi baino bi ordu lehenago Iruñera bertaratu arren, Nagore Laffagen zazpi senidek baino ez zuten izan aretora sartu eta Jose Diego Yllanesen deklarazioa entzuteko aukera.
Nagore Laffagen aurpegiaren irudia duten kamisetak soi- nean, Irungo herritarrak ziren nagusi atzo goizean. Casasolaren lagun handiak batzuk, eta herriko auzo elkarteetako ordezkariak beste asko. Haien artean Irungo Bilgune Feministako hainbat kide, Irungo Uda- lean ezker abertzaleko zinegotzi Peio Gaskon eta Aralarreko koordinadore orde Jon Abril.