GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Mendiak ez du aterik ametitzen

Sei hilabete behar izan ditu Isabel Celaak azken hamalau urteetan egindakoa atzera botatzeko. Ezin esan espero ez genuenik; ildo berean jardun zuen Jose Ramon Rekalderekin Hezkuntza Sailean egon zen garaian, 1991-1995 tartean Fernando Buesaren taldean, Euskadiko Eskola Kontseiluan eta Legebiltzarrean. Beraz, jakin badaki zertaz ari den, zer egiten duen eta zertarako.

Celaari mina egiten dio euskarak. Mina egiten dio Euskara Herriak, mina euskaltzaleak. Izena txokoratuz Izana ere desagerrarazi nahi ei du, antza (nork zioen jatorrizko abizena Zelaia zuela?).

Errealitatea baina, tematia da. Euskal Herria inoiz ez da izan kontzeptu administratiboa, badakigu; eta, hala ere, bada izan, paperetan idatzita ez badago ere. Euskal Herria agerian dago kulturan eta futbolean, kalean eta imajinario kolektiboan. Euskal Herria da munduan egoteko modu bat. Euskal Herria euskararen herria da, eta horrexegatik ito nahi dute euskara, Euskal Herria izan ez dadin. Alferrik baina, ezin dena ezinezkoa da eta, gainera, inposiblea da.

Celaa Hezkuntza sailburuordea zen ikastolei izaera ezabatu nahi izan zietenean: hezkuntza sistemak bi sare eduki behar zituen soilik, publikoa ala pribatua eta hirugarren bidea, ikastolena, itxi nahi izan zuten. Garesti ordaindu zen ostrukaren politika: Rekaldek atentatua jasan zuen, Fernando Buesa eta bizkartzaina erail zituzten eta ikastolen mundua bitan zatitu zen, odolustuta.

Hogei urte geroago berriz ditugu hiru sareak hezkuntzan: eskola publikoak, ikastetxe pribatuak eta ikastola hitzartuak, Buesaren garaiaren aurreko egoera bera alegia. Mendiak ez du aterik ametitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo